OCT. 13 2024 ZORROZTARRIA Hiztegi tentsionatua Julen MURGOITIO Arraza eguna, batzuen gaurkoa. Gure beheko estatu antzeko horren arrazakide uniformedunen egun ofiziala. Noiz eta arrazakeria nagusitzen ari den honetan. Tasuna eta keria, aurrez aurre. Bada hori, egunak ez nau animatzen, batere ez. Kontuak atera, hain jesarri naiz gogogabe mahaian kafea hartzeko, non ez dudan jakin prentsa nondik zabaldu ere. Eta gaur eskelen orritik zabaldu dut, apropos, gogoa bere onera ekartzeko asmotan. Eta hara, kolpea gero! Konturatu egin naiz hildako asko eta asko Aita Santuaren bedeinkazioa hartu eta gero direla hil. Susmagarria, ezta? Ni Poirot banintz, ikertu egingo nuke tipo hori, ea ez ote den hor kausa-efektua izango. Tira, demonio, buelta nadila harira! Gasteizeko Andre Maria Zuriaren plazak ikusiko, behartu egin dute eta. Eta entzungo ere txunta-txunta-tatxun-tatxun… «Tente!», plaza hori aukeratu baitute aurtengoan euren arraza ospatzeko. Horiek, bai, bainuontziak ekonomia zirkularraren gurpilean aspaldi sartu zituzten horiek, ontzioi erabilera bat baino gehiago emanez, baina bat ez gorputzak garbitzekoa. Bada gaur hor, plaza zurian, gorputzak gorpu bihurtutako iragana zuritzen, edo saiatzen, bertoko udalak bedeinkazioa emanda. Eskelakoa gertatuko balitz sikiera! Gaitz erdi! Ama, ama, zein zaila den gaurko hiztegi tentsionatu honetan hitzak ganoraz erabiltzea. Ez nau harritzen gero batzuek esateak ez diotela kontua ondo azaldu gizarteari. Normal, guk «ospa egin» esan eta eurek «ospatu» ulertu. Akabo! Baina ez hitzak soilik, aditzak ere bai, eta nork-nori-zer-zor, eta aurrizkiak… Kontuan hartzeko hau aurrekontuen kostera hasi berria denean. Primerakoa da, oso, “entzute prozesuak” abiaraztea hor-hemen, Urdaibain eta Urdaiezen, baina horretarako lehen arretako zerbitzuak artatu behar dira, batzuen argizaria beratzeko…