Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ROBOT SALVAJE (THE WILD ROBOT)

Esperientzia bisual eta emozional zoragarria

Etxeko txikiekin gozatzeko moduko zerbait nahi baduzue, “The Wild Robot” da aukeratu behar duzuena. Miyazaki, “E.T” edo “Wall-e” filmen esentzia duen lan honek Roz-en istorioa azaltzen du, irla basati batean bakarrik dagoen robota. Bere zeharkaldiaren bidez, etsaitasunezko ingurune batean bizirauten ikasteaz gain, bertan bizi diren izakiak ulertzen eta zaintzen ikasiko du.

Umeei zuzendutako istorio nahiko arrunta du oinarri, ez oso harrigarria akaso, baina izugarri eraginkorra da. Pixar edo Ghibli estudiotik harago, Sanders-ek animaziozko zineman gutxitan ikusi den sentsibilitatez bustitzen du narratiba. Adiskidetasuna, biziraupena eta nork bere burua onartzea bezalako gaiak modu organiko eta oso indartsuan garatzen ditu.

Protagonistak begiak lehen aldiz pantailan irekitzen dituen unetik, teknologia eta natura elkarrekin bizi diren mundu batera garamatza, irudien eta soinuen sinfonia batean elkartzen diren mundu zoragarri batera.

Aldi berean basatia eta atsegina den paisaia bisuala sortu dute. Ekoizpenean teknologia asko erabiltzen den arren, filmak estilo piktoriko eta inpresionista duen mugimenduzko koadro baten itxura du; artisautzaren aldeko apustua oso nabaria da.

Kris Bowersen soinu bandak aipamen berezia merezi du. Nota musikal bakoitza pertsonaien emozioekin eta zeharkatzen dituzten paisaiekin guztiz sinkronizatuta dago. Konposaketa oso epikoa eta hunkigarria da eta istorioa indartu eta aberasten du, baina zenbait eszenetan gehiegizkoa ere bada; batzuetan, irudiak gehiegi zipriztintzen ditu.

Familian gozatzeko moduko esperientzia bisual eta emozional zoragarria da. Ez galdu!