GARA
DONOSTIA
Interview
IKER BADIOLA
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria

«Gure laborategietan gertatzen dena handik kanpo erakutsi behar dugu»

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak hamalau urteko ibilbidea egina du, kultura zientifikoa herritarrengana iristeko asmoz. Iker Badiola da zuzendari berria, eta orain arteko bideari «eutsi» eta batez ere, herrietara zabaltzea du helburu; eguneroko kezken oinarri zientifikoa dutela azaldu eta pentsamendua bultzatzeko.

(EHU)

Iker Badiola Etxaburu ikertzaile ondarroarra da Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari berria. Ikerketa zientifikoaren dibulgazio lana egitea da katedraren funtzio nagusia, eta kargua hartu berritan NAIZ Irratiari azaldu zion «zientzia kulturaren paisaian txertatzea» dela parez pare duten erronka nagusietako bat.

«Zientziak hedapen bat behar du, gure laborategietatik kanpo erakutsi behar diogu gizarteari zertan erabiltzen den gizarteak ematen digun dirua; azken batean, zientzialari askok diru publikoarekin ikertzen dugu», adierazi zuen. Ardura horretaz harago ere, «zientzia kulturaren paisaian txertatzeko» helburua dutela azaldu zuen. Izan ere, sarritan «zientzia zale amorratuengana» iristeko arazorik ez omen dute izaten, baina zaleengana baino gizarte zabalarengana iristea dela erronka.

Kultura Zientifikoko Katedrak 14 urte baditu ere, zuzendari berria da Badiola, eta ardura berriarekin zein asmo dituen galdetuta, lehendabizikoa «eustea» dela aitortu zuen: «Katedra hau erreferente bat da Euskal Herri mailan, eta baita espainiar Estatuan ere; lan handia egin zuen Juan Ignacio Perez Iglesiasek katedra sortu eta egitura guztia martxan jartzen, eta, beraz, urteetako lan horri eustea da lehen helburua».

GIZARTETIK ETA GIZARTERA

Bestalde, lana bi noranzkotan egin behar dela azaldu zuen Badiolak. Batetik, «gizarteak berak dakarren mugimendu eta beharrekin ikusi behar da nondik jo», eta beste batzuetan, «aurreratu» beharra dago, Badiolaren ustez: «Zenbait jakintza hedatzeko, aurreratu egin behar da».

Dibulgazio lana Euskal Herriko txoko guztietara berdintasunez iritsi behar litzatekeen ustekoa da Badiola; «herrietara zabaltzea ere izan behar da gure erronketako bat». Izan ere, Badiolaren esanetan, egungo dibulgazio joerak sarritan eramaten ditu hiriburu edo hiriburuen inguruetan dauden azpiegituretan ekitaldi handiak antolatzera. Baina, bere ustez, hitzaldi edota mahai inguru bakoitzak bere «izaera eta gakoak» ditu, eta guztiek betetzen dute «funtzio bat».

Ildo horretan, interesa egon badagoela azaldu zuen Badiolak; Bilbo Zientzia Plazak 40.000 lagunetik gora bildu ditu berriki; Abaltzisketan egindako hitzaldi batek, 50 inguru. «Proportzioan hartzen baldin badugu, ez dago herririk non horrelako erantzunik jasoko den», nabarmendu zuen alderaketa eginez. Horregatik, «herrietara zabaltzea» izan behar da hurrengo urteetako erronka, bere aburuz.

ZIFRETATIK HARAGO

Gizarteak, oro har, «pil-pilean» dauden gai eta aferen inguruko «titular esanguratsuak» bilatzen dituela azaldu zuen Iker Badiolak, eta interes horrek bultzatuta sarri albiste faltsuak zabaltzen direla kritikatu zuen: «Gaur egun hain ohikoak diren albiste eta jakintza faltsuen gainean ere inziditu behar dugu; argi eta garbi esan behar dugu ikusten ditugun albiste faltsu horiek ez dutela oinarri zientifikorik».

Herritar ororen egunerokoan zientzia dagoela azpimarratu zuen katedrako zuzendariak, eta hori landu behar dela, kultura zientifikoa herritarrenganaino hurbilduz: «Eguneroko erabakietan oinarri zientifikoak daude. Adibide bat izan daiteke jasan genuen pandemia latz hori, baina egunerokoan agertzen zaizkigun kezkak ere zientifikoak dira. Adibidez, auto elektrikoa erosiko dut? Sortzeko zenbat kutsatzen du, ondoren, erabileran, zenbat kutsatzen du?».

«Gauzak sinplifikatu behar dira, baina edukiz hustu gabe»; hala laburbildu zuen dibulgazioaren funtzioa Badiolak, eta horrek «esfortzu handia» eskatzen duen arren, gustuko lana duela aitortu zuen. Dibulgazio zientifikoaren hizkuntza ezinbestean landu beharreko tresna dela uste du, eta indarra horretan jarri behar dela: «Askotan zifrak gustatzen zaizkigu, gizakion garunak zifrak ulertzeko gaitasun handiagoa duelako letrak ulertzekoa baino».