OCT. 14 2024 Jon Urzelai, duela 50 urte Guardia Zibilak hila, omendu dute Duela 50 urte, Jon Urzelai Guardia Zibilaren segada batean hil zuten Zorrotzan. ETAko kide batekin tiroketa batean agente batek izandako lesioen mendekua izan zen haren heriotza. Atzo Urzelai gogoratzeko ekitaldia egin zuen Bilboko auzoan Egiari Zor fundazioak. Egiari Zor fundazioak Jon Urzelai omendu zuen atzo, Zorrotzan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GARA BILBO Duela 50 urte Guardia Zibil frankistak abiatutako operazio baten ondorioz Jon Urzelai Imaz beasaindar gaztea hilik suertatu zen Zorrotzan. Bertan omenaldia egin zion atzo Egiari Zor fundazioak, eta salatu zuen gatazkaren testuinguruan Estatuaren indarkeria pairatu dutenen aitortzarako bidean bertsio ofizialek oztopo izaten jarraitzen dutela. Izan ere, Jon Urzelairi guardia zibil bat hil izana leporatu zioten hasiera batean, baina gerora Bilboko epaitegi militarrak guardia zibil bat jo zuen hilketa horren erantzule. «Urteak daramatzagu bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko beharra aldarrikatzen, eta Jaurlaritzaren zein nafar Gobernuaren aitortza legeen bidez irekitako ikerketen arabera, aldarrikapen horretarako arrazoi sendoak genituela eta ditugula esan dezakegu», nabarmendu zuen fundazioak. «Dagoeneko 60 heriotza kasutan ofizialki frogatu den bezala, bertsio ofizialak benetako krimenak ezkutatzeko eraiki ziren», adierazi zuen Egiari Zorrek, eta gaineratu, «laster» Hego Euskal Herrian «Poliziak, Ertzaintzak, Guardia Zibilak, eskuin muturrak, Triple Ak edo Batallon Vasco Españolek eragindako giza eskubideen urraketak» jasan zituzten emakume eta gizonen 450 aitortza ofizialen zifra gaindituko dela. «Horregatik, Urzelairen heriotza justifikatzen duen bertsio frankista ez luke inork aintzat hartu behar», gehitu zuen. «Zeintzuk dira bertsio ofiziala sostengatzen duten elementuak? Bat ere ez dago. Heriotza eragin zioten berberen kontakizuna aski izan da 50 urtean zehar ‘Memoria demokratikoaren legea’-k ilegal deklaratzen duen erregimen militarraren bertsioa ofizial bilakatzeko. Aintzat hartua izan dena egungo instituzio batzuen partetik, Bilboko Udalarenetik kasu», salatu zuen. Hala, «errelato partziala inposatu nahi izatea» ez dela etikoa esan zuen, jarraian eskaera hau eginez: Estatuaren biktimak umiliatzeari uztea, aitortza ofizialik gabeko herritarrei horretarako bidea ahalbidetzea eta memoria publikoko politiketan jasaten duten diskriminazioa amaitzea.