Eguzki-haizea
Zeruan aurora borealak agertu direla erran dizut, berezia dela fenomeno hori guretzat. Zeruari nehor gutxik begiratzen diola erantzun didazu, horretarako ere denbora falta duen jendartea garela. Zure aipamenaren bidean sartu gabe, nirean tematu naiz, bidaia garestiak egiten dituztela askok halakoak ikusteko, eta guk urririk dugula.
Fenomenoaz edo diruaz, zertaz ari naizen erabakitzeko, ez duzula elkarrizketan jarraituko bestela. Lurraren eremu magnetikoan harrapatuak diren eguzki-haizearen partikulek sortzen dituztela aurorak, polo magnetikoetatik hurbil dauden eremuetan ohikoa dela; azalpen zientifiko bat eman didazu, eta eguzkiaren erradiazioari haizea deitzea ederra iruditzen zaidala erantzun dizut.
Akordatu naiz maiatzean ikusi genituela azkenekoz eta Aranzadik historikotzat jo zuela fenomenoa. Eta ezohikoari jarraiki, aste honetan haizeteak ehunka urteko pagoak sustraietatik irauli eta errepide bazterrera bota dituela ohartarazi dizut, katastrofismoan erori gabe, hemen zerbait gertatzen ari dela.
Tira, «hemen» begiratzeko xantza izanda ez dugula baliatzen errepikatu didazu, baina gerra tokietan hegazkinek bonbak jaurtiko dituzten beldur begiratzen diotela zeruari, badagoela diferentzia ederra. Mizpirondoari begiratu diot orduan, batzuk bildu eta belar onduaren gainean jartzeko intentzioz, usteldurak osasun berria ekar diezagun, beste askorik ezin dudala egin onartuta.