ENBAren hitzetan, «paper bustian geratu» da dekalogoa Lakuan
ENBAk, Euskal Nekazarien Batasunak, salatu duenez, orain dela zortzi hilabete Lakuako Gobernuan aurkezturiko dekalogoa, hain zuzen, euskal erakundeek lehen sektorearekin hartu zituzten konpromisoei buruzkoa, «paper bustian geratu da».
Atzo ohar baten bidez salatu zutenez, «ez da inolako lanik egin» ez baserritarrak «itotzen» dituen burokrazia murrizteko eta sinplifikatzeko, ez eta koaderno digitalaren inguruan ere.
Elikagai kateari dagokionez, ez omen dira bertan jasotako konpromisoak aktibatu, hala nola jarraipen-batzorde bat sortzea eta ustiategien errentagarritasunari buruzko aldizkako txostenak. Nekazaritza-lurren gaian ere ez dute batere aurrerapenik ikusten.
Fauna basatiaren arloan, positibotzat jotzen dute Amaia Barredo Lakuako sailburuak otsoa «Lespre zerrendatik kanpo» uzteko egindako eskaera.
Bestetik, «Familia Nekazaritzaren Legean eta laguntzen moduluen berrikuspena bultzatzeko ez dakigu inolako lanik egin den», gehitu dute. Nekazaritzako aseguruei dagokienez, ez da Nekazaritzako Aseguruen Mahaia sortu.
Horren aurrean, «lanerako eta ekarpenak egiteko prest» dagoela adierazi du ENBAk.