Fito RODRIGUEZ
Idazlea
KOLABORAZIOA

Agur, Vazquez de Sola

Aurreko hilabetean hildako Andres Vazquez de Sola idazle eta marrazkilari komunista, antifrankista eta errepublikanoaren berri ez da, zoritxarrez, oso zabaldua izan. Nolanahi ere, tamalez, gaur egun inor gutxi gogoratzen da Franco izeneko «jaun» batek, bere jarraitzaileekin batera, estatu-kolpea emateaz gain, pertsonak eta ametsak ezabatzeaz aparte, kulturaren zati handi bat ere lapurtu eta bahitu egin zuela.

Haren aurrean eta kontra, marrazkiak, txisteak eta satirak altxatu ziren eta Vazquez de Solak horiek frankismoaren aurkakotasunari zein ezkerreko munduari helarazten jakin izan zuen.

Bere kazetari lana zentsurak jazarri zuen hastapenetatik, eta Forges izenez sinatzen zuen beste umorista baten aita poliziak horretaz abisatu zionean, ez zuen zalantzarik izan erbesterako bidea hartzeko, literalki, zeren eta Pariseraino oinez iritsi baitzen, eta han “Le Canard Enchainé”, “Le Monde”, “Le Monde Diplomatique” eta “L’Humanité”-rekin kolaboratzen hasi zen, “Mundo Obrero” eta “Radio Pirenaica”-rentzat lan egiten zuen bitartean.

Artista eta idazle handiekin lan egin zuen, hala nola Gabriel Garcia Marquez, Blas de Otero eta Picassorekin. Era berean, nabarmentzekoa da Parisko hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu izana; besteak beste, honako egile ezagunekin: Kandinski, Saura, Tapies, Guinovart, Genoves, Gordillo, Urculo, Canogar, Chillida, Henry Moore, Equipo Cronica eta abar.

Franco hil ondoren, bere umore fresko eta antifaxista “El Papus” eta “Hermano Lobo” aldizkarietan agertu zen, eta Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerraren aurka egin zuen beren burua NATOri saltzeagatik. Horrek jazarpen judiziala ekarri zion, eta honako hau esatera iritsi zen: «Ezin nuen sinetsi Francorengandik ihes egin nuela eta sozialistek kartzelara eramango nindutenik».

Nazioarteko ospe handiko kazetari eta legelari talde batek Vazquez de Solari laguntzeko batzorde bat eratu zuen, eta, azkenik, epaitegian agertu eta deklaratu ondoren, auzipetzea bertan behera geratu behar izan zen.

Ohore handiz adierazi beharra daukat orain berarekin argitaletxea partekatu dudala, eta, halaber, gozatzerik izan dudala haren umore bizigarriaz, beti errealitateari eta zapalkuntzaren salaketari itsatsita.

Eskuinaren igoera eta haren gorrotoa berriro ikusten ari garelarik, gogoan daukat haren txisteetako bat.

«Nik ez dut aurreiritzi etnikorik: mairuak, hispanoak, beltzak... niretzat garrantzitsuena da emigranteak lanerako arraza gogorrekoak izatea eta prezio lehiakorretan», esaten zuen kapela handiko kapitalista batek, Vazquez de Solak marraztutako bere bineta satirikoan.

Errealitate gordinaz trufatzen jakin behar dugulako, ez adiorik Andres Vazquez de Solari.