OCT. 16 2024 LEHENDABIZIKO KILOMETROAK, BEASAIN ETA LAZKAO ARTEAN Festa bat, non etxeko ateak zabalduz euskara hedatzen den Lehendabiziko Kilometroak jaitik 47 urte bete dira gaur. 1977ko urriaren 16an izan zen «ikastola egiteko lehen eguna». Garai hartan 3.000 ikasle zeuden Gipuzkoako ikastoletan eta ez zuten inolako hitzarmenik administrazioarekin. Ekimena bultzada handia izateaz gain, ikastolen eta herri mugimenduen aldeko beste festa ugariren aurrekari ere izan zen. 1977ko urriaren 16an ospatu zen lehen Kilometroak jaia Beasain eta Lazkao artean. Orduko irudiak dira hauek. (Arturo DELGADO | KUTXATEKA) Maider Iantzi Goienetxe Gaurko egunez, duela 47 urte, ospatu zen «ikastola egiteko lehen eguna». Hala izendatu zuten Beasain eta Lazkao lotu zituen jaia, Gipuzkoako lehen Kilometroak. Beasainen ikastola bat eraikitzea helburu zuen jaialdia 9.00etan hasi zen. Alde batetik, Jose Migel Barandiaran eta aita Begiristain Lazkaoko kontroletik abiatu ziren eta, bestetik, Jose Antonio Zaldua Gipuzkoako Ikastolen Federazioko presidentea, Beasaingotik. Bi kontrol horietan zigilatuko zituzten bertaratutako euskaltzaleek sei kilometroko ibilbidean egindako kilometroak. Garaiko “Egin”-eko kronikaren arabera, 12.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, horien artean hainbat politikari ezagunek: Bergarako alkate Jose Luis Elkorok eta Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-k, kasurako. Gaur egungo Beasaingo Ikastolako zuzendariak, Tere Irastortzak, 17 urte zituen orduan, eta institutuan ikasten ari zen. Zaldibiarra da, eta bertako txistulari talde bat joan ziren Kilometroetako ibilaldian jotzera. Bestalde, zaldibiar batzuek korrika egin zuten, eta Irastortzaren kuadrillak dirua eman zion haietako bati. Ekarpen ekonomikoaren aldarria oso inportantea zen orduan, eta norbanako askok eman zuten zerbait, kuadrilla txikiek ere bai. 1977an artean jaio gabe zegoen Irantzu Anuntzibai, Andramendi Kooperatibako lehendakaria, baina Kilometroen festa familian bizi izan du betidanik, baita 2001ean berriz ere Beasaingo Ikastolak antolatu zuenean ere, Kilometroen 25. urteurrena zela eta. Etxeko guztiak ibili ziren murgilduta. Azken urteotan ere bai, Beasaingo Ikastolako guraso den partetik eta, orain, lehendakari. GOIERRI MAILAKO APUSTUA IZAN ZEN Irastortzak adierazi duenez, Beasain aipatzen da beti, baina lehendabiziko jai hura aldi berean hasi zen Beasainen eta Lazkaon. «Goierri mailako apustua izan zen, ez dugu ahaztu behar herri txiki gehienetan bazirela ikastolak». Bakoitzak bere modura egin zuen ekarpena. Sukaldariek Jose Castilloren ibilaldiarentzako ekarpenak egiteaz gain, curriculumean arlo hori sartzeko aldarrikatu zuten. Orduko mendi elkarteen Federazioa ere oso inportantea izan zen jaia antolatzeko. Mendizale guztiei dei berezia egin zitzaien, baita korrikalarien kontrolak antolatzerakoan ere. JOSU ERGUIN Guraso gazte bat izan zen Kilometroen bultzatzailea, Josu Erguin. Jaia Ameriketako Estatu Batuetatik hona ekarri zuen. Beasaindarra zen, 25 urteko aita. Hain ondo atera zen, non Gipuzkoako Ikastolen Elkarteari eman zitzaion eskumena, behar zuten ikastolen artean ospatuko zuen herria aukeratzeko. Irastortzak gogoratu duenez, 1977an 3.000 ikasle zeuden Gipuzkoako ikastoletan. Administrazioarekin ez zegoen batere hitzarmenik eta gurasoek kuotak ordaintzen zituzten. Dirua batez ere haiek jartzen zuten. Tonbola, errifak, jaialdiak... egiten ziren; diru kopuru txikia eskuratzen zen beti, ordea; eta egun batean hainbeste diru lortzea festa batean garrantzitsua izan zen. Handik aurrera Gipuzkoako Ikastolen Elkartea hasi zen antolatzen, eta geroago Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Ibilaldia eta Herri Urrats sortu ziren. AZPEITIKO KILOMETROEKIN LOTURA EGINEZ Joan den urriaren 6ko igandean ospatu zen 2024ko Kilometroak, Azpeitian. Beasaingo Ikastolako zuzendariaren arabera, Kilometroen eta ikastolen zentzu handiena izan da kultur ikuspegi batetik, eta politikotik ere bai, herri batek sortu duen ekimen bat izan dela, dela eta izan behar duela. Garbi du oraindik ez direla lortu ikastolen elkarteak dituen helburuak: Euskal Herria euskalduntzea. Lotura ikusten du lehen Kilometroak hura bazelako etorkizunari begirako apustu bat. «Zazpi probintzia biltzen dituen bigarren mailako kooperatiba gara, oraindik ez da sortu beste erakunderik euskal lurraldeetan dauden euskara ereduak bateratu dituenik. Eta bada beharra. Diru premia ere bada, nahiz eta une honetan badirudien euskararen aurrerabidea izango dela doan izatea -oxala-, baina iruditzen zait euskarak behar duela sostengu bat ez ekonomikoa bakarrik, gizartea euskalduntzea, ez umeak soilik, euskal kultura transmititzeko bide berriak bilatzea, euskararekiko atxikimendua. Ez naiz ari esaten gurea bakarrik denik, baina gurean badago borondate bat». «Esaterako, elkartasun kutxa bat dugu nazio mailakoa; ezin duten ikastolei laguntzen zaie. Guraso kooperatiba bat da Beasaingoa. Gurasoen parte hartzea beharrezkoa da irakaskuntzan», erantsi du Andramari Kooperatibako lehendakariak. «2024an egin den Euskal Herriko Ikastolen Batzarrean Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Nekane Artolak, esan zuenez, ikastolak hobetzeak hezkuntza sistema hobetzea ekarri behar du, eta hezkuntza sistema hobetzeak, ikastolak hobetzea. Ez dugu sareen borroka gisa ikusi behar, baizik eta euskararen aldeko apustu bezala». Ez da erraza Kilometroak antolatzea urtebetez eguneroko martxari jarraituz; milaka gurasoren esfortzua eskatzen du, eta ahalegin horrek oraindik badauka premia materialei eusteko helburua ere, festa giro batean euskararen alde egiteaz gain. MUGA BATZUK HAUSTEN DIRA Azpeitian ikusi dugunez, ikastolaz harago, herri osoa inplikatzen den ekimena da. Irastortzaren hitzetan, «festa bat da, non zure etxeko ateak irekitzen dituzun, ez zuk bezala pentsatzen duen jendea bakarrik etortzeko, baizik eta nahi duen guztia. Muga batzuk hausten dira, eta hori positiboa da, beti bata bestearekin liskarrean aritzeak ez diolako laguntzen gure hizkuntza gutxituari». Urriaren 16 hartatik aurrera, beste hainbat herri mugimenduren eta proiekturen alde ere festak egiten hasi ziren. “Egin” babesteko, besteak beste. Xalbador Garmendia eta Xalbador Etxeberria izan zituen gaztetan irakasle Tere Irastortzak. Garmendia “Egin”-eko euskara zuzentzailea izan zen urte askoan. Eta egunkari haren festara ere, Altsasura, berarekin joan zen irakasle eta idazle zaldibiarra. «Euskara jendeari zabaldu behar diogu. Garai batean Hego Euskal Herrira etorri zen migrazio gehiena espainiarra izan zen; orain beste ezaugarri batzuk ditu, eta ateak irekitzen ditugunean gure hizkuntza hedatzeko da», nabarmendu du. KAMIOIETAKO AGERTOKIETAN JOTZEN ZUTEN Jende ezagun ugarik jo zuen zuzenean 1977ko urriaren 16 hartan: Mikel Laboak eta Pantxoa eta Peiok, tartean. «Familian Kilometroez hitz egiten dugunean askotan gogoratzen da ez bakarrik nortzuk etorri ziren, baizik eta kamioietan antolatutako agertokietan jotzen zutela artistek. Irudi horrek erakusten du zein modutan antolatzen ziren festa horiek, askoz ere baliabide gutxiagorekin», agertu du lehendakariak. «Eta joaten zena dirua uztera joaten zen. Hori ere badu herrigintzak, toki batera joaten zarenean zure ekarpen ekonomiko hori egitea. Hori asko galdu da orain festa hauetan», gaineratu du Tere Irastortzak. Orduko Kilometroak jaitik gaurkora aldatu den beste gauza bat da orain ez dela egun batera mugatzen eta urtean ekintza asko egiten direla. Antolaketa handia eskatzen du horrek; inguru bat da ikastola bakoitzak duena eta euskalduntzen ari direna. Herriarekin batera antolatzen da, bertan egiten diren gauzak ezagutaraziz, beti gure hizkuntzaren alde. Irantzu Anuntzibaik aipatu duenez, Errigora ere ikastolak eta AEK-k egiten duten elkarlana da, bertako ekoizleekin. Euskaraz gain, badira landu eta lagundu beharreko beste proiektu asko ere. «Honekin burura etortzen zait bertako produktuekin eta apustu ekologikoa eginez egiten dugun lana, adibidez Beasaingo Ikastolan. Baina ezin da ahaztu ‘sukaldatze’ politikoa ere derrigorrezkoa dela. Euskararen aldeko herri ekimenak hemen ere behar-beharrezkoak dira, demagun, legeztatu ezinak ikasleei ekartzen dizkien zailtasunak gainditzeko, hala nola, brebeta euskaraz egin ahal izatea Ipar Euskal Herrian», adierazi du.