Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Ikus-entzunezko maratoia egingo du Gure Eskuk azaroaren 16an, «herri bat bagarela» erakusteko

Bilboko aurkezpena.
Bilboko aurkezpena. (Mikel MTZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Ikus-entzunezko maratoia antolatu du Gure Eskuk, «herri bat bagarela» erakusteko. Azaroaren 16an hamabi orduz herri gisa garena agerian uztea xede duten bideoak emitituko dituzte Hamaika Telebistan. “Bagara” ekimena presentziala ere izango da, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ekitaldiak antolatu baitituzte.

Bilbon egindako aurkezpenean azaldu zuten Gure Esku aipatze hutsarekin denon burura kateak etortzen direla, «pertsonaz, eskuz osatutako kate erraldoiak». Giza kateen bidez Euskal Herria lotu eta elkartu zuten duela hamar urte, eta oraingo ekitaldian «bideoz osatutako kate erraldoi baten bidez herri, eragile, pertsona, proiektu eta beste hainbat talderen errealitateak erakutsiko ditugu».

Herri gisa ditugun berezitasunak biltzen dituzten bideoak batzen ari dira eta Euskal jendarteari parte hartzeko gonbita egin diote, bideomaratoia@gureeskudago.eus helbidera ikus-entzunezkoak bidal ditzaten. Zehaztu dute horizontalean grabatutakoak izan behar dutela, irudia eta audioa zainduta izatea eskatu dute eta bideoak txukun editatuta egotea, ahal den neurrian.

Online ez ezik presentziala ere izango da ekimena. Izan ere, ekitaldiak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. 10.00etan abiatuko dute emisioa Hamaika Telebistan eta 12.00etan Bilboko Alondegira salto egingo dute, “Herri Adierazpen” bat egiteko. Ondoren, Gasteizera mugituko da maratoia, 13.30ean Auzolana frontoian Agustina Otaola erraketistari buruzko “Gu Agustina” dantza emanaldia eskainiko baitu Ereintza dantza taldeak, Jon Mayaren koreografiekin eta Maddalen Arzallusen bertsoekin ondua.

Arratsaldean Iruñean jarraituko du ekimenak, 18.00etatik 19.30era bitartean. Historia Oroituz Segurako Antzerki Elkartearen “Orreagatik Iragan Hurbilera” antzerkia eskainiko dute. Donostiako Intxaurrondo kultur etxean amaituko da maratoia, 21.00etatik 22.00etara izango den Iratzar erromeriarekin.