Zaintza Araba elkarteak egoitzetako egoeraren ardura Aldundiari egotzi dio
Zaintza Araba elkarteak adierazi du azken asteetan Gasteizko Arabarren eta Laudioko San Roke egoitzen kudeaketaren inguruan salatu dituen aferen ardura «ahaldun nagusiarena eta Gizarte Politiken ahaldunarena dela, ez beste inorena». Aitzitik, egoitzetako beharginen lana goraipatu egin du.
Arabako zentroetan bizi diren adinekoen senideen elkarte Zaintza Arabak atzo ohar baten bidez errefusatu zuen Gasteizko Arabarren eta Laudioko San Roke egoitzetako «langileekin aurre egiteko ahalegin tamalgarria», eta nabarmendu zuen zentro horietako egoeraren arduraduna Aldundia dela, eta ez bertako langileak. Halaber, beharginek egiten duten lana goraipatu zuen.
Joan den astelehenean, San Roke egoitzako egoiliarrek jasotzen duten tratua salatu zuten, eta Arabako Foru Aldundiak «harrituta» erantzun zuen, «zalantzan jartzen zelako langileen profesionaltasuna». Kexa horiek Arabarren egoitzako egoeraz egindakoei gehitu behar zaizkie. Hain justu, azken honetan hainbat senidek ohartarazi dute egoiliarrekiko «tratu txarrak» gertatzen ari direla.
«Azken asteetan Arabarren eta Laudioko San Roke egoitzen kudeaketaren inguruan salatu ditugun aferen ardura ahaldun nagusiarena eta Gizarte Politiken ahaldunarena da, ez beste inorena», adierazi zuten atzo zabaldutako oharraren bidez.
Elkarteak bi egoitzetako langileen lana goraipatu zuen, baita gainerako egoitza-zentroetako beharginena ere, eta txalotu egin zuen hain funtsezkoa den zerbitzua emateko egiten duten «ahalegina», «haien lana ia ezinezko egiten duten baldintzetan egin behar izaten baitute, eskasak diren behargin kopuruekin eta, kasu gehienetan, soldata miserableak kobratuta».
KUDEAKETAREN ERAGINKORTASUNIK EZA
«Senideak eta langileak batzuk besteen aurka jartzeko saiakera tamalgarri honen aurrean, argi utzi nahi dugu beti aurkituko gaituztela beharginen alboan, zaintza batere eraginkorra ez den modu honetan kudeatzen ari direnei aurre egiteko», azpimarratu zuen Zaintza Arabak.
Gasteizen dago Arabarren, eta publikoa da, baina Mondragon taldeak kudeatzen du, hots, erakunde pribatu batek. San Roke, berriz, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak kudeatzen du zuzenean.