OCT. 18 2024 EDITORIALA Talgo erosteko laguntza, dagokion kontrolarekin Asteartean, Sidenor euskal industria taldeak Talgo tren ekoizlearen zati bat edo are konpainia osoa erosteko interesa agertu zuen, eta herenegun Talgok berak berretsi zuen aukera hori. Enpresa erosteko bigarren eskaintza da, Magyar Vagon talde hungariarrarena Gobernu espainolaren betoa dela-eta bertan behera geratu ostean. Lakuako Gobernua prest agertu zen atzo operazio horretan laguntzeko, baldin eta Talgorentzat proiektu sendoa bada, EAEn errotzeko bide emango duena eta enplegu industriala hobetuko duena, Mikel Jauregi Industria sailburuak esan zuenez. Positibotzat jo zuen sailburuak operazio hori, esandako baldintzak betez gero. Gobernu espainola ere laguntzeko prest agertu da. Izan ere, positiboa izan liteke operazioa eta albiste ona da, zalantzarik gabe, jendartean izan lezakeen eragin positiboa aintzat hartuta. Enpresak Estatu espainolean dituen 2.500 langileetatik 700 inguruk Ribabellosako (Araba) fabrikan lan egiten dute; halaber, haren hornitzaile diren hainbat enpresa daude lurraldean. Aurreikusitako inbertsioei heltzeko proiektu bat bultzatzeko, Lakuako Gobernuak eta Arabako Foru Aldundiak baieztatu dute modu koordinatuan lanean ari direla bazkide bat bilatzen laguntzeko. Garrantzitsua da oso inbertitzaile berri bat lortzea, Talgoren jarraipena ez ezik etorkizunari aurre egiteko eskaerak ere bermatzeko, 4.000 milioi euro inguruko eskari-zorroarekin, hurrengo urteetarako lan karga ziurtatuta baitauka enpresak. Albiste ona da, jokoan dauden lanpostuak kontuan izanda besterik ez bada ere. Hala ere, ez da horrelako esperientziarik falta eta ikusita dago batzuetan, gehiegitan, zenbait proiekturi printzipioz irizpide onez eman zaizkien laguntzak enpresen interes ekonomiko hutsean geratu izan direla, horiekin batera ezarri beharreko kontrol faltagatik. Laguntzak egokiak dira, baldin eta haiekin batera kontrol mekanismoak ezartzen badira kudeaketaren gardentasuna eta lurraldeko lanpostuen jarraitutasuna bermatzeko. Administrazioaren interesak jendartearen interesak direla ahaztu gabe. Hori da erakunde publikoen inbertsioaren zentzua.