Ane Urkiri izango da aurrerantzean NAIZeko zuzendari berria
NAIZek zuzendari berria izango du hemendik aurrera. Orain artean Kirolak saileko arduraduna izan denak, Ane Urkiri Ansola mutrikuarrak, hartuko du proiektuaren gidaritza, hain zuzen, Iñaki Altunari lekukoa hartuta. Atzo eman zuten aldaketa horren berri, Bilboko erredakzio berria aurkezteko eginiko ekitaldian.
Ane Urkiri Ansolak hartuko dio erreleboa Iñaki Altunari NAIZeko zuzendaritzan. Orain arte Kirolak saileko buru izan da Urkiri, eta hedabideak duen «muskulu soziala» indartzen jarraitzeko asmoa agertu du, komunitateari «gertuagotik» begiratuz. Bilbon GARA-NAIZek duten egoitza berriaren inaugurazio jaia baliatu zuten Urkiri aurkezteko, hedabidearen komunitateaz ezin hobeto inguratuta. Zuzendari berriaren aurkezpen gisa bideo bat ondu dute, bertaratutakoek zein komunitatea osatzen duten gainontzeko kideek Ane Urkiri ezagut dezaten.
«Kazetaritzak zentzurik badauka, eragiteko gaitasuna edukitzea da», esan zuen Urkirik, «hori erakutsi digute ‘Egin’-ek eta GARAk, beti zorrotz eta fin arituta». Duela 12 urte sortu zen NAIZ, «xede berarekin», eta oraingoa «entrenatzaile aldaketa» gisa ikusten du zuzendari berriak: «Albisterik onenak kontatzeko dauzkagu, baina joko-zelaia une oro aldatzen da, eta horrek erronka ugari planteatzen dizkigu».
Iñaki Soto GARAko zuzendariak aurkeztu zuen Urkiri, etorkizunari baikortasunez begiratuz, baina utopiatik ihesi. «Anbizioa dugu eta zuen babesa dugu», zuzendu zitzaien Soto ekitaldira bertaratutakoei, esker onez. Ziur dago hori dela aurrera egiteko behar dena, «hori, eta asmatzea, ez baita erraza».
Hunkituta baina konfiantzaz mintzatu zen Urkiri: «Erronka mardula daukagu aurretik, baina pertsona onez eta kazetari onez osatutako lantaldea daukagu».
Komunikabide berezia dela jakitun da Soto, inor baino hobeto, eta horren erakusgarri da, adibidez, asteburuan Altsasun izandako ospakizuna. Monolitoa jarri diote bertan GARAri; zuzendariak azpimarratu zuenez, «ez da Europan egongo, ziur asko, ezta munduan ere, honelako monolito bat daukan komunikabide bakar bat»; are eta gehiago, «ziur ez dagoela sortu zuen komunitateak bere kabuz honelako harri bat jarri dion komunikabiderik».
Hamabi urtez izan da Iñaki Altuna NAIZeko zuzendaria, hain zuzen, proiektua sortu zenetik. Kazetaritza ikaslea zen orduan Ane Urkiri, aurrerantzean ardura bere gain hartuko duena; hala, hedabide digitalak beharrezko duen belaunaldiarteko erreleboa eskainiko dio mutrikuarrak.
Txiki geratu zen egoitza berria, proiektua babesten duen komunitate zabalaren erakusgarri. Bertan izan ziren, besteak beste, Iñaki Antiguedad ekintzaile eta irakaslea, Ane Elordi Korrikako koordinatzailea, Laura Mintegi idazlea, Beñat Zarrabeitia kazetaria, EH Bilduko legebiltzarkide Peio Otxandiano eta Oihana Etxebarrieta, baita Bilboko EH Bilduko bozeramaile Maria del Rio ere.
EGOITZA BERRIA
GARAk eta NAIZek Bilbon duten erredakzio berriaren inaugurazioa baliatu zuten Ane Urkiri NAIZeko zuzendari berria aurkezteko. Kale Nagusitik Arriaga plazara mugitu dute hedabidearen egoitza eta toki aldaketarekin batera hainbat berrikuntza ere badakartza. Besteak beste, NAIZ Irratiaren estudio bat ere hartuko du eta teknologian eta zerbitzuan aurrerapauso bat emateko bidea markatuko du.