GARA
DONOSTIA

«Giza eskubide gehiago eta eskuin mutur gutxiago», egin dute aldarri

Europan, lau diputatutik bat ultraeskuindarra da. Argentinan, Brasilen eta AEBetan ere gailendu da indar hori. Politika errepresiboen, gezurren eta gorrotoaren bidez, jendartean tentsioa eta polarizazioa sortzen ari dela salatu zuen Donostiako Zero Pobreziak.

Zero Pobrezia-Donostia-k manifestua eta ekintzak aurkeztu zituen atzo.
Zero Pobrezia-Donostia-k manifestua eta ekintzak aurkeztu zituen atzo. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo. Horregatik, Donostiako 14 erakunde eta mugimendu sozialek osatzen duten Zero Pobrezia plataformak manifestua plazaratu eta jarduera batzuk aurkeztu zituen. Horien artean, bertso saio bat; gaur 19.00etan Donostiako Antiguako frontoian egingo dena, Maialen Lujanbio eta Unai Agirrerekin, Imanol Artola “Felix” gai jartzaile dela.

Ohartarazi zuenez, ultraeskuina hedatzen ari da eta hori apurka gertatzeak ez du esan nahi kezkagarria ez denik. Are gehiago, joera hori espainiar Estatuan agerikoa da, baita Europan ere, non ekaineko azken hauteskundeen arabera, lau diputatutik bat jada eskuin muturrekoa den.

Argentinan, Brasilen eta AEBetan ere eskuin muturreko liderrak dira nagusi.

Azaldu zuenez, eskuin muturreko taldeek ezaugarri amankomunak dituzte: «Populismoa, antifeminismoa, nazionalismoa, xenofobia, kontserbadurismoa, autoritarismoa eta pluralismoaren gaitzespenaren nahasketa. Gainera, defendatzen dituzten politikek hamarkada askoan giza eskubideetan, justizian eta elkartasunean lortutako aurrerapenak urratzen dituzte».

Zero Pobrezia Donostia-k kale ekintza deigarria egin zuen hiriko portuan, “Giza eskubide gehiago eta eskuin-mutur gutxiago” lemapean. Ekintza horretan, eskuin muturreko liderren benetako diskurtsoak erakutsi zituzten, eta nabarmendu zuten beharrezkoa dela mezu horiei giza eskubide gehiagorekin eta aniztasuna, errespetua, bizikidetza eta gizarte kohesioa bezalako balioekin aurre egitea.

Herritarrei desinformazioari eta albiste faltsuei aurre egiteko tresnak ematea proposatu zuten. Haurtzarotik trebetasunak garatzen eta tresnak eskuratzen laguntzea, pertsonek ongizate kolektiboaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren aldeko kontzientzia kritikoa izan dezaten.

Beldurrari informazioarekin aurre egitea ere aldarrikatu zuten; jendartean barneratzen ari diren diskurtso estigmatizatzaile eta diskriminatzaileen arriskuaz eta eraginaz jabetzea. Pertsona guztien giza eskubideen alde mobilizatzera deitu, eta erakundeei eskubide horiek bermatzeko beharrezko neurriak har ditzatela exijitu zieten.

NAFARROAKO PARLAMENTUAN

Bestalde, Gizarte Erakundeen Plataforman bildutako 150 erakunde sozial baino gehiagoren ordezkariek politika publikoak garatzea aldarrikatu zuten Nafarroako Parlamentuan, pertsonarik zaurgarrienen egoera hobetzeko, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 Nafarroako Ituna ardatz hartuta.

Esan zutenez, munduko biztanleriaren %1 aberatsenak aberastasun handiagoa dauka biztanle guztien %95ek baino; 713 milioi pertsona muturreko pobrezian daude, eta 117 milioi baino gehiago daude indarrez desplazatuta. Nafarroan, herritarren %17,2 pobrezia arriskuan edota gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan bizi dira; adibidez, desgaitasuna duten hiru pertsonatik bat bazterrean gelditzeko arriskuan dago.

Gaineratu zutenez, «azken bost urteetan, hazi egin dira mila milioidunak covidak eragindako krisiaz baliatuta eta, aldi berean, gerta liteke 1.000 milioi pertsonak beren elikadura ziurtatua ez izatea. Inoiz ez bezalako kopurua da».