Iraitz MATEO
BERGARA
EH BILDUREN III.KONGRESUKO OINARRIZKO PONENTZIA

Burujabetza gradualak eta politika antineoliberalak, «nazioa zutitzeko»

«Utopian gara aske» lerroburua duen ponentzia aurkeztu zuen atzo EH Bilduk. Arnaldo Otegik azaldu zuen tesi nagusiak «bi egiaztapen eta alternatiba bat» dituela. Politika neoliberalen eta Estatu espainoleko eredu autonomikoaren porrotak dira egiaztapenak; eta «hirugarren eraldaketa nazionala», alternatiba.

Arnaldo Otegik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, aurkeztu zituen atzo Bergaran           ponentzia politikoaren nondik norakoak.
Arnaldo Otegik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, aurkeztu zituen atzo Bergaran ponentzia politikoaren nondik norakoak. (Jon URBE | FOKU)

EH Bilduk Bergarako Olaso dorrean aurkeztu zuen atzo III. Kongresuko oinarrizko ponentzia. Hautatutako tokia ia inoiz ez da kasualitatea izaten, baina atzoko hitzartzean lekuaren esentzia eta ponentzia politikoaren mamia elkartu nahi izan zituen Arnaldo Otegik: «Hemen gaude, ponentziaren ardatz nagusia Euskal Herria delako». Eta gogoratu zuen Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Telesforo Monzon bertan elkartzen zirela umetan, ondorenera beren pentsamendu eta bizitzan Euskal Herria ardatz izango zutenak.

«Hirugarren eraldaketa nazionala», hori da ponentziak behin baino gehiagotan errepikatzen duen terminoa eta EH Bilduk datorren fase politikorako zehaztu duen helburua, betiere «azken helburua Euskal Herriko Errepublika konfederala» dela gogoratuz. EH Bilduk kongresuari berari bi zeregin nagusi ezarri dizkio: «Egungo administrazio eremuetan aldaketa esanguratsuak lortzen saiatzea, nazio onarpenaren, lurralde kohesioaren eta eskumen boterearen handitzearen eskutik, batetik; eta herri susperraldi bat martxan jartzea, bestetik».

«Ohiko datetan, ohiko kongresu bat» egingo dutela adierazi zuen koalizio subiranistako koordinatzaileak, baina erronka handiko testuinguru ziurgabe bat dela ohartarazi zuen, eta, beraz, anbizioz jokatzeko unea dela.

Otegik azaldu zuen bi faktore erabakigarri identifikatu dituztela egungo abagune politikoan: «Politika neoliberalen porrota eta Estatu espainoleko eredu autonomikoaren agortzea». Horren aurrean aldaketak egin behar direla jasotzen du ponentzia politikoak, eta, ondorioz, burujabetzak eskuratzea lurraldetasunaren eredu berri bati lotuta eta politika antineoliberalak martxak jartzea dira bi egiteko garrantzitsuenak.

«Graduala den prozesu bat martxan jarri behar da burujabetzak berreskuratzeko», jasotzen du ponentziak; idatzitakoaren arabera, ez dagoelako «kolpe bakar batez, tarteko helmugarik gabe, irabazteko aukerarik». Honenbestez, «egiturazko aldaketak» lortzeko, lorpen «partzialak» behar direla adierazten du idatziak.

EGUNGO FASERAKO BOST ARDATZ

Ohiko kongresu prozesuetan bezalaxe, ikuspegia zabaldu eta urrunera begira jartzeko ariketa egin nahi du EH Bilduk. Egungo faseari begiratuta, «baldintza materialak, adostasun politikoak eta gehiengo sozialak egituratzeko epealdi erabakigarria» dela ondorioztatu dute. Eta bost ardatz nagusi izendatu dituzte aurrera egiteko «funtsezko» gisa.

Nazio aitortza da lehenengoa, eta eremu juridiko-politikoan onarpen maila lortzea dute helburu, «bereziki, estatus politikoak berritzeko orduan». Hiru lurralde adminstratiboen arteko harreman politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta instituzionalak eraikitzea da bigarren lan ardatza. Erabakitzeko eskubidea litzateke hirugarrena. «Autodeterminazio eskubidea esplizituki onartua» izatearen aldarrikapena egin zuen alderdi subiranistak. Laugarrena, eskumen zein botere maila handitu eta bermatzea litzateke. Eta bosgarrena, elkarbizitzia sustatzea, «etorkizun hobe bat ahalbidetzeko».

«Herri akordio ahalik zabalenen bidez» aurrera egin behar da, Otegiren esanetan. Elkarrizketen bidea indartzea defendatu zuen, eta Estatu frantses zein espainolarekin ere «herri bezala» negoziatzeko deia egin zuen: «Euskal Herriko arazoak Euskal Herrian konpondu behar dira, eta hau da markoa».

SUSPERRALDIA

«Inflexio puntu bat» da Euskal Herriak behar duena, Otegiren ustez: «Susperraldi bat, sendoa eta sakona, arnasa luzekoa». Arlo sinbolikoa, hizkuntza, kultura, hezkuntza, alor sozial zein ekonomikoa landu behar direla azaltzen du ponentziak: «Horrez gain, autogobernuaren dimentsionatze berri bat eta tresna politiko-juridiko burujabeak behar ditugu, erronka horiei ekin eta sektore publikoak gidaturiko politika eraldatzaileak egiteko».

«Herri proiektu partekatu» baten beharraz ere mintzo da ponentzia politikoa, eta, kasu honetan, sei «elkargune» identifikatu ditu EH Bilduk, datorren urtetik aurrera sakondu eta eztabaidatuak izango direnak: subiranotasun estrategikoa, ongizate egiturak, aztarna ekologikoa, identitate komunitarioa, hezkuntza berritu eta segurtasuna. Eta horiek guztiak barnebildu beharko lituzke estatus politikoak.

Autogobernua eta ongizatea eskutik helduta ulertzen ditu EH Bilduk: «Burujabetzaren eztabaida bueltan da, globalizazio aldi berri batean sartu garelarik, gizarte kohesioa zaindu eta herritarrak babesteko tokiko errealitate sozial, instituzional eta territorialera egokitutako politika publikoek balio erantsia duten garaiotan. Ondorioz, autogobernuaren gaineko eztabaida zuzenki lotuta dago herritarren ongizatearekin eta garaiko erronka sozialei herri gisa eman beharreko erantzunen nolakotasunarekin».

OTSAILAK 8, IRUÑEAN

Oinarrizko ponentziaren zuzenketen bozketa abenduaren 19tik 21era bitarte egingo da. Mahai Politikoaren hautagaitzaren aurkezpena, urtarrilaren 19an. Eta hautagaitzak otsailaren 6tik 7 bitarte bozkatu dira. Kongresu eguna Iruñean ospatuko da otsailaren 8an.



«Bizitza politiko propioa duen subjektu bat da EH Bildu»

Norbere burua berdefinitu, eguneratu edo berresteko ere baliatzen dira kongresuak. EH Bilduk bere burua «ezkerreko independentismoaren eta subiranismoaren erreferentzia eta lanabes politiko/instituzional nagusi» gisa izendatu du ponentzian. Eta gogoratu dute EH Bildu indar politiko ezberdinez osaturiko koalizioa dela, eta errealitate hori «errespetatu» behar dela, nahiz eta adierazi jada «bizitza politiko propioa duen subjektu bat» dela.

Hori horrela izanik, ponentzia organizatiboan badago aldaketa nabarmen bat, Alderdien Mahaiak proposatu baitu udaletako hauteskunde zerrenden osaketa prozedura instituzio guztietara orokortzea. Hau da, «hauteskunde zerrendetan orain arte indarrean izan diren alderdien kuotak indargabetzeko apustua egiten dugu», zehaztu du alderdi subiranistak.

Beste alde batetik, gero eta instituzio gehiagotan eta gero eta botere posizio gehiagotan egoteko anbizioaren berri emanez, egitura ere horretarako prestatzeko erronkari heldu diote. I. MATEO