Iraitz MATEO
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Alaia Martin «in crescendo», final laurdenak irabazita

Alaia Martin gailendu zen atzoko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final laurdeneko saioan, Eibarren. Fase honetan aurreko finalistak batu dira txapelketara, eta nabari da bertso gosea bertsozaleen artean. Agin Laburuk egin zuen bigarren, eta haiekin kantuan aritu ziren Eneko Araiztegi, Haizea Arana, Manu Goiogana eta Aratz Igartzabal.

Alaia Martin gailendu zen atzoko saioan eta zuzenean final erdietako txartela lortu zuen.
Alaia Martin gailendu zen atzoko saioan eta zuzenean final erdietako txartela lortu zuen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eibarko Coliseo antzokian abiatu ziren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenak. Areto betean gailendu zen Alaia Martin 531,5 punturekin. Harekin batera kanturako seikotea osatu zuten Eneko Araiztegik, Haizea Aranak, Agin Laburuk, Manu Goigoganak eta Aratz Igartzabalek. Bigarren Agin Laburuk egin zuen 503,5 punturekin.

Hasierako agurren ostean zortziko handiko ariketarekin hasiera eman zioten saio puntuagarriari. Ohiko joera da saioa behetik gora joatea, eta hala izan zen atzo arratsaldekoa ere; hala ere, txinpartak izan ziren nagusi. Bertsoaldi guztietan sumatu zen izpiren bat, izan ideietan edo errimetan. Eta bertsozaleak, berriz ere, oso ondo erantzun zuen, nabari zen bertso gosea.

Araiztegi eta Aranak abiatu zuten saioa ofiziotan. Kooperatiba bateko zuzendaritzako parte ziren biak. Araiztegiren ustez lehendik enpresan lan egiten duten langileen senideak kontratatzea egokia da, Aranaren ustez, ez.

Araiztegik bere posizioa defendatu zuen lehen bertsoan: «...Ze senideak kontratatzea / horixe logikoa / hartara ondo ibiliko da / zu ta nire poltsikoa». Aranak erreferentzia errealekin eta enpresa buruan erantzun zion. Entzuleak txalotu zuen gaurkotasuna: «Halere nonbait eduki behar / genukeeneko lotsa / nahiz familiak lana izatea / guztiontzat dugun poza / beitu behar da enpresarentzat / zer daukagun aproposa / gero horrela jausi zen Fagor / elektrodomestikosa».

Martin eta Laburu koxka bat gorago aritu ziren zortziko handian. Oporretan Santiago bidea egin nahi duten bi lagunen gorputzetatik kantatu zuten. Laburuk motxilak eramateko laguntzarekin egin nahi zuen, Martinek, ordea ez. 60 urte zituztela kontatu zuen Astigarragako bertsolariak, eta galdegin ea «bizkarreko adina» ez zen aski pisu motxilak ere beraiek eramateko. Martinek bidea bidezidorrik gabe egitea proposatu zion: «...luxurik gabe egin nahi nuke / ez suit eta ez jakuzzi / nire gorputzaz harro egon nahi dut / bere baba eta guzi». Umore zorrotzez erantzun zion Laburuk, mediku kontsulta ere oporraldiko planaren barnean sartzeko esanez.

BIZI ETA UMORETSU

Hamarreko txikian Aranak eta Laburuk osatutako ofizioa izan zen esanguratsuena. Lagunen paperean jarri zituen gai jartzaileak; Arana taxi gidaria eta Laburu tabernako zerbitzaria, igande goizaldean, bien lanaldia amaituta, etxera bidean elkartu zituen gaiak. Aranak bi lanak ezberdinak izanagatik ere, antzekotasunak dituztela gogoratu zuen: «Eta ni ibiltzen naiz / bidaiak arintzen / nahiz maiz etortzen diren / mingain denak gizen / edozer esaten ta/ edozer zikintzen / gure lanak nahiz diren / ongi desberdintzen / biok bukatzen dugu/ botaka garbitzen». Laburuk, berriz, etxerako bidean daudela gogoratuz hitz egiteko proposamena egin zion: «...etxerako bideaz / ari nintzen lagun/ aspaldi ez baikara / gai honetaz jardun / pasatako beldurrez / hitz egin dezagun».

Puntu erantzunetan aretoa txaloka jarri zuen Aranak. Zorrotz ibili zen ligatze aplikazioen inguruan jarritako puntuei erantzuten. Ligatzeko formak aldatzea ez dela «gazteriaren kulpa», berak nahiago duela «orain eta hemen» edota tabernan ligatu, eta amaierarako aitorpen bat eginez, ligatzea zehazki zer den ez dakiela azalduz. Araiztegi ere puntu erantzunetan oso fin ibili zen, erantzun bizkor eta txinpartatsuez, zinema aretoen inguruan kantuan.

BIZITZA ALDAKETA

«Badakizu esango diozunak bizitza aldatuko diola» izan zuten ganbarako ariketan hiru bertso osatzeko gaia. Orotariko bideak jorratu zituzten bertsolariek. Laburuk medikuaren paperetik neska gazte bati minbizia duela esan zion, Araiztegik amari etxetik doala kontatu zion eta Aranak txikitako argazkiari bollera izateko gomendatu zion.

Igartzabalek zazpi urteko umeari Olentzero nor den azaldu zion, irudimentsu eta umorez: «Horren atzean badaude / hainbeste arrazoi pila/ familietan sortzen da / horrenbeste iskanbila / Olentzero ezin da izan / Urkullu edo Munilla / ta horrela izan leike/ ta hala izan dadila / esan egin behar zaio / egia ta marabilla / Olentzero zein ote den / entzun ezazu mutila / mendian ez da egoten / baina hala ere biribila».

Hirugarren bertsoan, trabatu egin zen Igartzabal, eta horrek trakestu zion apur bat bakarkako lan hau, eta gazi-gozo utzi.

Martinek ganbarakoan berarekin batera eraman zuen entzulea semearen gelara. Ohi duen dotoreziarekin azaldu zuen semearen gelara joateko bidea lehenengo bertsoan: «Ahotsa dardarka motel / sartu naiz bere kuartora / arnasteko bat bi hiru / lasai hartu dut denbora / bizitza aldatuko zaio / ezin itzuliz lehengora / bere hartzeko indarra / izango da suzko froga / atea zabaldu dut ta / berak begirada gora / susmatu du zerbait sobran / baitu beregan ganora / ta holaxe esan diot / goxo belarri ondora / umetxo bat jaioko da/ ta zure anaia izango da».

Eta hirugarrengoan, bere kontraesan, min eta pozak uztartuz bihotza ireki zuen, areto osoaren aurrean bere barruak erakutsiz: «Berak dorre bat bota du / ukabilarekin sendo / ta bere antsietatea / sumatzen dut in crescendo / zer egingo zaio laztana / jaio bazinen lehenengo / ezin zaitugu bihurtu / berriz ere bigarrengo / hau kontatzeko gogoa / maitea nik neukan zero / eta eztarrian traban / hala izan dut goizero / baina hauxe pentsatu nahi dut / inozentzi osoz-edo / orain gorroto duzuna / maiteko duzula gero».

Goioganak, berriz, Zaldibarko zabortegia erori zirenekoak gogora ekarri zituen, hango langilea zen Albertoren emazteari deitu eta gertatutakoa kontatuz eta egia bilatuko zutela azpimarratuz: «...susto itzela hartuagatik / hemen dena da hondakin / ba bai galduta geratu dira / bai Alberto ta bai Joakin / ahalegina egingo dugu / egia nahi dugu jakin». Hirugarren bertsoan beraien babesa adierazi zion alargundu berriari: «...Egingo dugu protesta eta / egingo enkartelada/ nahiz erantzunik ez den egongo / beste kasutan erara / hemendik urte batzutara ere / ondoan egongo gara».

ERRENTERIAN GAUR

Gaur izango da bigarren final laurdena Errenteriako Lekuona Fabrikan, 17.00etan hasita. Kantuan izango dira Beñat Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi, Oihana Arana, Aitor Salegi, Iñigo Gorostarzu eta Beñat Iguaran. Sarrera guztiak salduta daudenez gero, saioa NAIZ irratian jarraitu daiteke zuzenean.