Ikastolen ahaleginak piztuko du Nafarroa euskalduna
Zangoza euskararen eta euskal kulturaren aldeko aldarrikapenaren erdigune bilakatuko da asteburu honetan. Egitarau zabal eta askotarikoa prestatu du Zangozako Ikastolak, familian edota lagunekin gozatzeko. Antolatu duten ibilbideak hiru gune izango ditu eta ekintza andana izango da Zangozara hurbiltzen diren euskaltzaleentzat.
Laugarren aldiz egingo da Nafarroako ikastolen aldeko festa erraldoia Zangozan. Oraingo honetan “Piztu!” izan da hautatu duten leloa; hots, piztu euskara; piztu euskal kultura, argitu Nafarroa euskalduna. Baina ez hori bakarrik, eslogan horren bidez ere kalitatezko hezkuntzaren eta auzolanaren aldeko deia egin eta bultzatu nahi izan dute, besteak beste.
Ezin ahaztu, Nafarroa Oinez ez dela egun bakar bateko festa soila, urte oso batean egindako ekitaldi eta ospakizunen multzoa baizik. Denbora tarte horretan zehar egindako lanak zenbait helburu lortzea du asmo. Alde batetik, herritik eta herriarentzat sortutako ekimena izaki, ikastolak kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaini nahi die Zangozako eta inguruko herrietako biztanleei.
Modu horretan, Nafarroan euskararen normalizazioaren bidean urratsak egiten jarraitu nahi dute. Zangozako Ikastolako zuzendari pedagogiko Nagore Oriaren hitzetan, «familia gutxiko ikastola xume batetik abiatuta, inguru horretan auzolanean sare bat sortzeko gai izan gara, urtebetez jarduerak maitasunez prestatuz, eta festa eta ospakizun egun bateko egitaraua osatzeko, ikastolen ahotsa altxatzeko, euskarari, identitate eta etorkizun gisa, bultzada bat emateko».
HAMAIKA ERRONKA
Auzolana da Zangozako Ikastolaren zutabeetako bat. Eragile eta gizabanako ezberdinen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen dute aipatu xedeak lortzeko estrategiaren barruan; auzolanean jardun eta auzolanaren garrantzia erakutsiz eta ezagutaraziz, hain zuzen ere. Horretarako, ikastola eremutik harago jardun eta gizarteko esparru ezberdinetan eragin beharra aldarrikatzen dute, euskara bermatu eta lurra defenditzeko.
Ekitalditik ateratako diru sarrerak dira ikastolaren beste ardatz garrantzitsu bat, Zangozako Ikastolak finantzaketa behar baitu bere jarduna aurrera eraman ahal izateko. Izan ere, 2005. urtean eraikitako Haur Hezkuntzako eraikinaren zorra oraindik ordaintzeke daukate, eta gastu hori gainetik kentzeko ahaleginean ari dira aspaldian. Gainera, Lehen Hezkuntzako eta DBHko eraikina energia beharretara egokitu behar omen da; isolamendu eskasa du, eta hezetasunak ezabatzeko eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko obrak egin behar dira, baita zaharkitutako leihoak aldatu ere.
Baina ez hori bakarrik, Zangozako Ikastolako kideek mahai gainean jarri nahi dute Zangozan eta Nafarroako zenbait eskualdetan gertatzen ari den zaharkitze eta despopulazioaren gaia. Nafarroa Oinez erakusleiho ezin hobea da arazo hori ezagutzera emateko, eta igande honetako festa afera hori bistaratzeko baliatuko dutela adierazi dute antolatzaileek.
ASTEBURU OSOA
Aurtengo Nafarroa Oinez festako ekitaldiak ez dira igandera soilik mugatu. Izan ere, bezperarako, hau da, larunbaterako ere hainbat jarduera prestatu dituzte motorrak berotzen hasteko.
Baina jai handia igandean helduko da Zangozara, eta bertan makina bat ekintza izango dira. Antolatzaileek prestatu duten ibilbideak hiru gune izango ditu (Piztu, Mintzatu eta Gozatu). Guneez gainera, kale animazioa izango da nagusi Zangozako ibilbidean zehar, eta ibilbideko hainbat lekutan informazio guneak, puntu moreak eta osasun eta edoskitze eremuak jarriko dira.
SKA ERRITMOA
Igande honetakoa festarako eta aldarrikapenerako egun egokia da. Horiexek uztartzen ditu aurtengo ekitaldirako sortu duten kantak. “Piztu Zangoza!” da abestiaren izenburua eta Skabidean talde iruindarrak izan du hori sortzeko ardura. Kantaren aurkezpen ekitaldian talde horretako kideek adierazi zuten abestiak elkartasuna eta auzolana batzen dituela, baina alaitasuna alde batera utzi gabe. «Euskara aldarrikatzeko oso beharrezkoa iruditzen zaigu nahasketa, eta Euskal Herriaren eta Nafarroa Oinezen izaera ezin hobe irudikatzen ditu», azaldu zuten.
Letraren egilea, berriz, Amaia Aldanondo izan da eta hitzen nondik norakoen berri eman zuen aipatu aurkezpen ekitaldian. Haren arabera, «ertza eta periferian gauden euskaldunak hemen gaudela aldarrikatu nahi nuen, gure zentroa eraikitzen ari garela; hori erakutsi nahi nuen, besterik ez».
Horrez gain, egileek azaldu dute Zangozako Ikastolako irakasle batzuek ikasleen ahotsak prestatu eta gerora Andoaingo Garate estudioan grabatu zituztela Skabidean taldeko kideekin batera. Grabaketa prozesua esperientzia dibertigarri eta aberasgarria izan dela adierazi dute ekoizpenean parte hartu dutenek.
Abestiaz gain, bideoklipa ere grabatu dute, Marina Lameiro zinema zuzendariaren gidaritzapean. Ikastolako DBH 3ko ikasleak izan dira bideoklipeko protagonistak eta hauentzat ere bizipen polita izan omen da. Lameiro ere pozik azaldu da egindako lanarekin: «Irudi digitalez beteriko egungo munduan, interesgarria iruditzen zitzaidan txiki eta gazteei beste teknologia bat gerturatzea eta mundura ekartzen ditugun irudietan pixka bat hausnartzea», adierazi zuen.
Zangozako Ikastola, ametsak errealitate bihurtzen
Joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieran ekin zion gaur egun Zangozako Ikastola gisa ezagutzen dugun proiektuak. Ordu hartan hainbat familia euskaltzalek euren haurrei euskara irakasteko hautua egin zuten eta ikastolaren hazia ereiten hasi ziren.
Garai zailak izan ziren eta oztopoak ugariak. Lehen klaseak baldintza kaskarretan zegoen Karmengo komentuko sukalde zaharrean ematen hasi ziren, eta orduz gero, hasierako amets hura gorpuzten joan zen poliki-poliki.
Gerora ere bidean aurkitutako traba eta eragozpen orori aurre egin eta Zangozako Udalarekin akordio batera iritsi ziren. Azken horrek herriko zezen-plaza zaharrean kokaturiko Txaparro etxea utzi zien ikastolako egoitza izan zedin. Auzolanean egindako ahalegin eskergaren bidez, egoitza berri horrek behar zituen eraberritze lanak burutu zituzten eta herriko haur eta gaztetxoak euskaraz hezten jarraitu zuten. Euskal Herriko gainontzeko ikastolek emandako laguntza eta babesa ere ezinbestekoak izan ziren Zangozako Ikastolaren proiektuak indarra har zezan.
Harrezkero 46 urte pasatu diren honetan, ikastola inoiz baino biziago dago. Gaur egun 29 langile ari dira beharrean eta eskualdeko hamahiru herritako ikasleak dabiltza bertan; orotara, 160 ikasle inguru.
Zangozako Ikastola herritik eta herriarentzat sortutako kooperatiba da eta hezkuntza integral eta pertsonalizatua eskaintzen du. Eleaniztasunaren eta hizkuntzen bizikidetzaren alde egiten dute, baina euskara da, noski, euren hezkuntza-proiektuaren ardatz nagusia, ikasleak eta familiak egonik horren guztiaren oinarrian. M.A.