Ongi pasatzeko behar den guztia
Igandeko festa erraldoiak hiru gune nagusi izango ditu eta ekintza, jarduera eta ikuskizunak nonahi izango dira. Egun osoko egitarau mardula, haur, gazte zein helduentzat.
2024ko Nafarroa Oinez festako ekitaldiak ez dira igandera soilik mugatu. Izan ere, bezperan ere hainbat eta hainbat jarduera prestatu dituzte motorrak berotzen hasteko.
Baina jai handia igandean helduko da Zangozara, eta bertan makina bat ekintza gauzatuko dira. Antolatzaileek prestatu duten ibilbideak hiru gune izango ditu: Piztu, Mintzatu eta Gozatu izenekoak, hain zuzen ere.
Lehenengoan, Zangozako bandaren doinuek emango diote hasiera egunari. Eguerdian, Motxila 21 taldeak joko du eta, jarraian, Mingain Dantzari ikuskizunaren txanda izango da. Ortzadar taldeak bazkalostea girotuko du, eta gero Eztitan taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da. Larrain dantzak emango dio amaiera igandeari. Gune honetan txikienek ere izango dute zer egin; izan ere, bertan puzgarriez eta haurren hiriaz gozatu ahal izango dute.
Mintzatu gunean, ostera, Gora Musika talde berriaren ikuskizuna da nabarmentzekoa. Ondoren, eguerdian, herri kirolak eta DJ Martzel, Ibil Bedi, Anari eta Lumak taldeen emanaldiak izango dira. Baina ez hori bakarrik, elikadura tailerra ere egongo da eremu horretan, baita kukainan bizikletaz ibiltzeko aukera ere.
Hirugarren eta azken gunean, Gozatu gunean, ez da eskaintza kultural eta ludikorik faltako. Esaterako, eremu horretan egingo da eguerditik aurrera Erronka, eta Kiki, Koko eta Moko pailazoak ere ikusgai izango dira. Musikak ere izango du bere tokia, Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantz taldeekin. Gainera, zezen mekaniko bat ere izango da jostagarri.
Era berean, antolatzaileek hainbat berritasun txertatu dituzte igandeko ekitaldian. Horien artean nabarmentzekoa da 3. gunean, 10:00etatik aurrera izango den falkoneria ikuskizuna. Guneez gain, kale animazioa izango da nagusi ibilbidean zehar; besteak beste, Eskartxa, Katxi eta Ilunberriko txarangekin eta Zangozako gaiteroekin; baita Mugarik Gabeko Ttunttunero, Xapiru Trikitixa Eskola eta Euskal Herriko Joaldunen Biltzarrarekin ere.
JOKO GARBIA
Ibilbideko zenbait lekutan, bestalde, informazio guneak, puntu moreak eta osasun eta edoskitze eremuak jarriko dira. Horren haritik, Zangoza Ikastolako Carlos Arcelus presidenteak esan du errespetuan oinarrituta ospatu nahi dutela Nafarroa Oinez: «Euskararen jaiaz gozatuko duen orori errespetutik eta elkarbizitzatik egitea eskatu nahi diogu, inolako erasorik gerta ez dadin».
Azkenik, Zangozako Ikastolak dei egin die euskaltzale guztiei igandeko festaz gozatzeko, betiere «jasangarritasuna aintzat hartuta eta ingurumena zainduz. Helburu nagusia ahalik eta aztarna gutxien uztea da».