OCT. 21 2024 PILOTA Eibarren Iñaki Artolari pausoa aldatuta, betiko bere bidean da Jokin Altuna Labriten sasoiko lehen jaialdian, Peñak azkenean estutu bazuen ere, sakea baliatuta, Unai Laso partida osoan aurretik joan zen eta garaipen ona eskuratu zuen. Igande arratsaldez, Eibarko Katedralak baino okerrago erantzun du Iruñeko Bonbonerak. Jokin Altuna zital aritu zen erremateekin, batez ere bigarren erdian. (Gorka RUBIO | FOKU) Jon ORMAZABAL Jokin Altunak eta Unai Lasok garaipenarekin ireki dute final laurdenetako ligaxka, Iñaki Artolari (22-12) eta Jon Ander Peñari (22-16) hurrenez hurren irabazita. Txapelerako faborito diren bi pilotariek lehen azterketa zailean ondo erantzun zuten bitartean, eguneko beste lehian, Eibarko Astelenak Labritek baino askoz hobeto erantzun zuen igande arratsaldez. Enpresek Iruñean proba bat egin nahi izan zuten, partida jai arratsaldera ekarriz, baina sarrera erdia baino ez zen osatu. Datorren zapatuan, bai, goraino beteko da Bonbonera, partidak mereziko du eta -Lasok eta Peio Etxeberriak jokatuko dute-. Gasteizko Ogetakoa ere ez da makala izango, Jokin Altunak eta Erik Jakak auzotarren beste lehia bat jokatuko baitute. Atzoko derbia Eibarko bere gotorlekuan jokatu zuen amezketarrak, eta txapelketa guztien hasieran pilotari guztiek izan ohi dituzten zalantzak errotik uxatzeko baliatu zituen. Fisikoki, sasoiko dago eulia iazko aldean eta jokoz ere, batez ere bigarren zatian, pausoa aurrera eman zuenean, aitzakiarik gabe dagoela berretsi zuen. Ez zuen, agian, erakustaldi txundigarri horietako bat eskaini, baina partida kontrolpean izatearen sentsazioa erakutsi zuen lehiaren gehien-gehienean. Denborak alegiarrak faltan izan zuen patxadarekin gobernatu zituen. Iñaki Artolari kantxaren erdia ukatu eta zuzen jokatzea galaraztea izan zen egungo txapeldunaren lehen xedea. Eta, horretarako, zer hoberik lehen sake-errestoan aurkaria ezustean harrapatzea baino. Are gehiago, airez sartuta, sotamanoz, tantoa egitea lortuta. Bi tanto egin zituen Aspekoak errestoz, baina hortik harago doana, aurkaria deseroso sentiaraztearen helburuan aletxoa jarri zuen jokaldi horrekin. Kantxan alderik alde mugitu zuen Altunak Artola, lehengo zatian joko klasikoagoan eta egungo abiadura azkarreko eta piloteo gutxiko tantoekin hamaikanako berdinketaz geroztik. Hortxe, Altunak luzeegi jotako sake baten ostean izan zuen Artolak bere momentutxoa. Lehen pilotakada askotxo ari da baldintzatzen jokoa lehen jardunaldi hauetan eta, sakean eta sake-errematean asmatuta, oso aldapan gora (4-10 eta 5-11) zuen partida bat ekartzea lortu zuen txintxarriak. Baina Altunak sakea berreskuratu eta kolpe erabakigarria eman zion beste 10-0eko partzial batez. Altunak beste martxa bat gordea zuen, angeluak hobeto topatu zituen eta erantzunik gabe utzi zuen defentsan behar adinako sendotasunik ere erakutsi ez zuen Artola. SAKEA ARDATZ Unai Lasori ere saketik egindako falta batek nahi baino gehiago zaildu zion oso bideratuta zuen garaipena (19-0 irabazten joatetik lau tantora hurbildu zitzaion Peña), baina era berean, sakean oinarritu zuen bere garaipena. Sei tanto egin zituen zuzenean, horietako bi zabalera jota. Gainontzean, eskuin horrek dinamita izaten jarraitzen du, eta ezkerrez ere ondo amaitu zituen tantoak airez. Peñari kostatu egin zitzaion markagailuan atzetik zela aritzea. Hasieran huts batzuk pilatu eta ezin erreakzionatuz aritu zen azken oldarraldi horretaraino. JARDUNALDIAArtolak eta Zubizarretak irekiko dute bigarren jardunaldia Tafallan. Peio Etxeberriak eta Lasok Labriten jokatuko dute larunbatean. Elordi eta Peñak Bilbon eta Altuna eta Jakak Gasteizko Ogetan itxiko dute igandean.