OCT. 21 2024 GAZAKO INFERNUAK SUTAN JARRI DU EKIALDE HURBILA Israelek Hizbulahren posizioak bonbardatu ditu Libanon Israelgo Armadak Hezbulahren posizioak bonbardatu zituen atzo, eta hurrengo orduetan Libanoko Al Qard Al Hassan banketxeetan erasoak egingo zituela iragarri zuen, «agenteek erakundean duten konfiantza kaltetzeko» helburuz. Bruselan manifestazio batek su-etena eskatu zuen Gazan eta Libanon. Gaur Gernika-Palestinaren elkarretaratzeak izango dira Euskal Herrian. Soldadu israeldar bat jaurtigaien aurretik igaro da Israelgo artilleria postu batean, Libanoko mugatik gertu. (Ayal MARGOLIN | JINI) GARA JERUSALEM Israelek Hizbulahren dozenaka posizio bonbardatu zituen atzo Beiruten eta Libano hegoaldean, eta, aldi berean, Hamasen aurkako erasoaldiarekin jarraitu zuen Gazan. Erreskatatzaileek 70 hildako baino gehiago zenbatu zituzten bezperako eraso batean. Israelgo Armadak adierazi zuen Hizbulahren «aginte gune» bat eta Beiruteko lurpeko armategi bat bonbardatu zituela. Halaber, Libanoko mugimenduko hiru miliziano hil zituela aditzera eman zuen, herrialdearen hegoaldean egindako beste eraso batzuetan. Handik gutxira, Libanotik bidalitako 70 jaurtigairen berri eman zuen. Haietako batzuk geldiarazi egin zituzten. Beiruteko hegoaldeko periferiaren aurkako bonbardaketak, Libanoko mugimendu xiitaren gotorlekuan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Irango Hizbulahri hura hiltzen saiatzea leporatu eta biharamunean gertatu ziren justu. Israelek larunbatean iragarri zuen drone bat jaurti zutela Libanotik buruzagiaren egoitzara, nahiz eta momentu horretan Cesarea hiriko egoitzan ez egon. Hizbulahk ez zuen jaurtiketa aldarrikatu, baina Irango misioak Nazio Batuen aurrean adierazi zuen talde xiita zegoela erasoaren atzean. «Irandarrei eta Gaizkiaren Ardatzean dituzten aliatuei esaten diet: Israelgo Estatuko herritarrei kalte egiten dien edonork garesti ordainduko du horregatik», ohartarazi zuen Netanyahuk. Ahmed al Jalili Omango muftiak, Persiar golkoko herrialde honetako agintari erlijioso gorenak, pozik hartu zuen larunbatean Netanyahuren egoitza pribatuaren kontra dronez egindako erasoa, eta «etorkizunean arrakasta» izango duen itxaropena agertu zuen. Al Jalilik, bere X sare sozialaren kontu ofizialean, ohar batez esan zuen «harroputz sionistaren etxea erasotzea urrats arrakastatsua dela. Jainkoari eskatzen diogu etorkizunean arrakasta izan dezala». Espero zuen horrelako eraso batek «fruituak emango dituela, Jainkoaren, ahalguztidunaren, baimenarekin, garaipen azkar batean», «Erresistentziaren» babesean. Era berean, Israelek atzo iragarri zuen datozen orduetan Hizbulahren banku sektoreko hainbat sukurtsal bonbardatuko zituela Libanon -zein puntu zehaztu gabe-, bereziki Al Qard Al Hassan erakundeak, bere sistema ekonomikoa ahultzeko helburuz. Armadak ziurtatu zuen erasoak burutu baino lehen ebakuazio aginduak emango zizkietela bonbardatutako eremuetan kalteak jasan zitzaketen zibilei. «Hizbulahren botere ekonomikoari eraso egingo diogu», esan zuen Daniel Hagari Israelgo Armadako bozeramaileak, eta gaineratu zuen «helburua agenteek erakundean duten konfiantza kaltetzea» dela. «Hizbulahk hainbat finantzabide ditu, baina garrantzitsuenak Al Qard al Hassanek sortu dituen konpainien bidezkoak dira. Badakigu banku mota honekin, Swift nazioarteko sistematik deskonektatuta, bere erakundearen barruan soldatak ordaintzen dituela eta zibil libanoar askok erabiltzen dutela», azaldu zuen Israelgo inteligentziako goi funtzionario batek. Irailaren erdialdetik Libanon egiten ari den erasoaldiaz gainera, Israelgo Armadak Gaza bonbardatzen segitzen du, Hizbulahren aliatua den Hamas mugimendu islamista palestinarraren aurka borrokan. Gutxienez 1.454 pertsona hil dira Libanon irailaren 23an Israelek Hizbulahren aurka bonbardaketak hasi zituenez gero, datu ofizialetan oinarritutako AFPren zenbaketaren arabera. NBEk, bestalde, adierazi du 700.000 pertsona inguru desplazatu direla herrialdean. ARMATUTAKO LAU PALESTINAR ATXILOTUTA Israelgo Armadak M-16 fusilekin armatutako lau palestinar atxilotu zituen atzo Nabi Musa inguruan, Jeriko hiritik gertu, Zisjordania okupatuan, Israelgo ohar baten arabera. «Terroristak eta aurkitutako armak segurtasun indarrei transferituko zaizkie. Ez zen zauriturik izan», argitu zuen oharrak. Duela urtebete baino gehiago Gazan gerra piztu zenean, indarkeriak gora egin zuen Zisjordania okupatuan ere, eta erasoaldi militarrak eta Israelgo indarren erasoak ere nabarmen areagotu ziren. Horren ondorioz, aurten 400 palestinar baino gehiago hil dira. 2005eko Bigarren Intifada amaitu zenetik, 2023 urterik hilgarriena izan zen, 520 hildako baino gehiagorekin lurralde palestinarretan, ekialdeko Jerusalem barne. Bestalde, palestinarrek egindako hogei bat erasotan, horietako asko militarren kontrol postuetan edo Zisjordania okupatuaren kokaguneetatik hurbil, 34 pertsona hil dira aurten; horietatik 12 uniformedunak ziren eta 22 zibilak, hauetatik bederatzi kolonoak. Gainera, aurten beste lau uniformedun hil dira Yeninen eta Tulkaremen egindako eraso militarretan, palestinarren erresistentzia armatuaren gune nagusian, non indar israeldarrek 230 palestinar inguru hil dituzten, horietako asko milizianoak. Atzo Bruselako erdigunean 32.000 pertsona baino gehiago manifestatu ziren, Poliziaren arabera, eta 70.000, deitzaileen arabera, Gazako Zerrendan eta Libanon su-etena eskatzeko. Manifestariek Israelen aurkako nazioarteko erabateko bahimendu militarra lortzeko lan egiteko eskatu zioten Belgikako gobernuari. «Belgikako hurrengo gobernuak nazioarteko presioa areagotzen laguntzea nahi dugu, berehalako su-eten iraunkor bati buruzko akordio bat lortzeko eta nazioarteko enbargo militar oso bat ezartzeko ekimena har dezan», adierazi zuten erakunde antolatzaileek. Manifestazioaren deitzaileek Belgikako agintariei eskatu zieten «Nazioarteko Justizia Gortean Hegoafrikak Israelen aurka dituen prozedurak erabat babesteko, Palestinako herriaren genozidioari eta garbiketa etnikoari amaiera emate aldera». Ibilaldian, parte hartzaileek «Palestina askea», «Gora Palestina» eta «Genozidioa gainditu» oihukatu zuten. Manifestariek berehalako su-eten iraunkorra, zibilen babesa eta lurralde palestinarretako legez kanpoko juduen kokaguneen amaiera eskatu zuten. Euskal Herrian gaur Gernika-Palestina herri ekimenak 178 herritan elkarretaratzeak antolatu ditu, Bizkaian 63, Gipuzkoan 41, Nafarroan 61, Araban 12 eta Lapurdin 1. Mobilizazio nagusiak arratsaldeko 19.00etan izango dira udaletxeen aurrean. Horrez gainera, 12.00etan, sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte zenbait lekutan: Iruñean (Udaletxe plazan), Tuteran (Foruen plazan), Bilbon (Plaza Biribilean), Gasteiz (Andra Mari Zuriaren plazan) eta Donostian (Alderdi Ederren). ELA, LAB, CCOO Euskadi eta CCOO Nafarroa, UGT Euskadi eta UGT Nafarroa, ESK, CGT LKN, Steilas, Solidari, EHNE Nafarroa, Etxalde eta Hiru batu dira mobilizazioetara. Elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxeetan eta unibertsitateetan ere. Israelek lau ingeniari hil ditu Israelgo Armadak lau ingeniari hil zituen Khuzaan, Gazako hegoaldean, ura banatzeko azpiegitura konpontzera zihoazenean, nahiz eta Israelgo agintariekin koordinatuta egon segurtasuna bermatzeko, Oxfamek atzo azken orduan ezagutarazi zuenez. «Israelgo agintariekin aldez aurretik koordinatuta egon arren, argi eta garbi identifikatutako ibilgailua bonbardatu dute», salatu zuen Oxfamek, eta lau ingeniariak Kostaldeko Udalerrietako Uren Enpresa (CMWU) erakundeko langile gisa identifikatu zituen. «Haien heriotzek larriagotu egiten dute Gazako krisi humanitario katastrofikoa, edateko ura eskuratzeko konpromiso larria baitago», azaldu zuen GKEak. Azpiegitura zibilaren eta horri eusten diotenen aurkako erasoa «nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa argitzat» jo zuen, eta ikerketa independentea eskatu zuen. Israelgo Armadak, bestalde, adierazi zuen «begiraleek Gazako Zerrendako hegoaldeko mugatik kilometro batera zeuden hainbat pertsona susmagarri identifikatu» zituztela atzo, eta tanke batek jaurtigai bat bota zuela «uxatzeko». Gainera, “Haaretz” egunkari israeldarrak aipatutako komunikatuaren arabera, Armadak aitortu zuen biktimak ingeniari hidraulikoak zirela eta gertakaria ikertzen ari zirela. Ehunka ingeniari, funtzionario, osasun langile eta langile humanitario hil dira Israelek egindako dozenaka erasotan, urtebete baino gehiago gerra hasi zenetik.GARA 1.454 HILDAKOGutxienez 1.454 pertsona hil dira Libanon irailaren 23an Israelek Hizbulahren aurka bonbardaketak hasi zituenetik, datu ofizialetan oinarritutako AFP agentziaren zenbaketaren arabera. BIGARREN INTIFADA2005eko Bigarren Intifada amaitu zenetik, 2023 urterik hilgarriena izan zen, 520 hildako baino gehiagorekin lurralde palestinarretan, ekialdeko Jerusalem barne. MANIFESTAZIOA BRUSELAN32.000 pertsona baino gehiago, Poliziaren arabera, eta 70.000, deitzaileen arabera, manifestatu ziren atzo Bruselako erdigunean, Gazako Zerrendan eta Libanon su-etena eskatzeko. 178 HERRITANEuskal Herrian gaur Gernika-Palestina elkarteak 178 herritan elkarretaratzeak antolatu ditu: Bizkaian 63, Gipuzkoan 41, Nafarroan 61, Araban 12 eta Lapurdin 1.