OCT. 21 2024 Kontraera Jon GARMENDIA Idazlea Ez dakit noiz hasi ginen etxean esne gaingabetua erosten, baina jarraitzen dugu gauza bera egiten. Izango zen iluneko kanpaina bat, ez biziki gardena. Medikuren batek hor nonbait erran zuelako esne osoa ez duela digeritzen gorputzak, auzoko lagunak erran zigulako koipe gabe kaltzio eta bitamina berak zituela, edo silueta eder baten tiraniari jarraiki egokiago zela, eta gainera osasuntsuago. Arrazoiei ezartzen zaizkien «gainera» horiek maiteminduta naukate. Behia jetzi berri, esne osoa su baxuan egosi eta geruza erretiratzen ikusten naiz oraino ene amonaren ondoan, azukre pixka bat esne gain horri bota eta ogi zati batekin dastatzen; kuriosoa da txikitako zapore batzuek zenbat irauten duten! Chantillyaren moda ikusten dut orain desfilatzen halere, ez dela gauza bera, merengea eta gurin-krema nahasita egiten baita chantillya. Tabernan esne gaingabetua kafearentzat baina gurin bete croissanta ahora, eta marrubientzat chantillya, hauxe gure gizartearen kontraera. Esnerik eman ez, arrautzarik errun ez, eta gizakia besteentzat fitsik ekoizten ez zuen animalia zela erran zigun Orwellek, baina guztien jabe bera zela halere. Horrela doakigu mundua. Nire guraso esne-saltzaileak oroitu dizkit aspaldi ikusten ez nuen emakume batek, eta ze pena hori galdu zela, leku askotan gainera; agintarien aginduz agidanean. Uste dut gure etxeko esne gaingabetuak ere izango duela zerikusik.