OCT. 22 2024 GAURKOA Inora bako bidea Gontzal MENDIBIL Abeslaria Unamunori egozten zaion «irabaziko duzue baina ez gaituzue konbentzituko» esaldi ezaguna, Israelgo Estatua bere existentzia aldarrikatuz, indarren gehiegizko erabilerak fronte guztietan jarduten duen inpunitatea erabiliz, NBEri zilegitasuna kenduz eta giza eskubideak urratuz, frankistek erabili zuten modu bereko jarreran dago. Sarraski horietan, ez da giza eskubiderik existitzen, eta erantzukizun juridikoa eta penalei behin eta berriz muzin egiten dio. Giza eskubideak, justiziaren bermerik ez dagoenean, etsaia zapaltzearen ebazpenarekin, inora bako bideari darraio. Halaxe hasi zen urriaren 7an eta horrelaxe jarraitzen du mendeku legez, zutik dagoen oro suntsituz eta errugabeko bizitzak sarraskituz. Aspaldikoa den gatazka hau, gorrotoak ezin geldiarazteko bidean sartu da. Eta justizia gabeko egoera honetan, Mendebaldea, sarraski honen ikusle, lurralde haietako sufrimenduak sentitu baino gure bizitzari nola eragingo dion kezkaz. Gizateriaren historia luzean behin eta berriz errepikatzen den hipokrisia darabilgu. Mendebaldeko hedabideentzat, Israeldarren zortzi soldaduren heriotzak, Gazako 43.000 hildako edo Libanoko 2.000 hildakoak baino gehiago esan nahi du. Mendebaldea, desjabetuen, lurrik gabekoen eta baztertuen sufrimenduaren aurrean immunea den gizartea bihurtu da. Hau guztia gure ezintasunaren eta eraginkortasun ezaren froga beterik ez da, «Ordena demokratikoa»-ren tranpa eta gaitasun eza agertzen digula. Egunez egun iristen zaizkigun irudi tamalgarrietako batean, semea galdu duen Gazako aita batek zera dio, bere etxea bonbardatu ostean, lau aldiz aldatu dela lekuz, hiltzen badira, besterik ezean, itxaropen bakarra, denak batera hiltzeko nahia duela. Ezintasun eta autodefentsarako duten estrategia bakarra: denak batera bizirik irautea edota bertan hiltzea. Hori da Gazako, Zisjordaniako eta Libanorantz doan gatazkaren pertzepzioa, gatazka amaitzeko elkarrizketarako gaitasunik eza. Estatu batetik eskubide guztiak urratzen dituztenean, oinarrizko eskubideen usurpazioa iraunkorra denean, belaunaldiz belaunaldi errotutako indarkeriak inolako irteerarik aurkitzen ez duenean, zigorgabetasun sentsazioa nagusitzen denean, demokrazia deituriko hitzaren benetako debaluazioa dugu. NBEk egindako ahalegin guztiak baztertu egin ditu Israelek. Eta Estatu Batuek, Israelen ekintza basatiak auzitan jarri gabe, izuaren, bazterkeriaren eta zentzugabekeriaren basakeriaren parte eta epaile gisa jokatzen dute, une oro defenditzen dugun justiziarako eskubidetik oso urrun dagoela ikusaraziz. Inpunitatea, honela defini daiteke: «ikerketa eta akusazio guztiei ihes eginez, inolako erantzukizun penalik ez egotea». Baliteke etorkizunean, Gazan etxerik ere zutik ez geratzea, eraikin guztiak guztiz suntsitzea, baina juduen kausak indarkeria eta ankerkeria horien aurrean berdin jarraituko al du? Ez da erraza judu-palestinarren gatazka ulertzea, mendeetako historia luzera itzuli beharko genuke, Alaren, Jainkoaren, Jehovaren... izeneko erlijio nahasketak, mendeetako konfrontazioa, asentamenduak, kolonizazioak, kanporaketak... Munduko hiru erlijio monoteista handientzat, judaismoa, kristautasuna eta islamismoarentzat, garrantzia handiko gunea da. Adiskidetzeko aukerarik gabeko elkarbizitza ezinezkoa bihurtu den horretan, bi Estatuen aitorpen ezaren horretan, murrizketak, errepresioa eta etengabeko kolonizazioa une oroko gai tristeak ditugu. Batzuek eta bestek eskubide historikoak eta izatea aldarrikatzen dituzte. Eta indarra sartzen den bitartean eta indarkeria berriz hasten den bitartean, «Haiek edo gu»-ren arteko auzian, itxaropen guztia iluntzen da. Badago Israelgo eskualdean dagoen Haifa izeneko hirian kokatutako Karmel mendiari erreferentzia egiten dion san Joan Gurutzearen poema eder bat, karmeldarren jatorria hangoan baita, hebreerazko esanahian «Jainkoaren mahastia», eta XII. mendean, «Palestinako lorategia» deiturikoa. Karmelo mendia edo «perfekzioaren mendia» mendi sakratu gisa ezagutzen da, bakearen ezaugarria; bere jatorrian, judu, kristau eta bahai erlijioentzat, mundu osoko beste leku, mugimendu erlijioso eta literaturaren izenean eragina izan duen lekua dugu. Karmelo mendia, gaur egun, Unescok Gizateriaren Ondareak babestutako gune horietako bat da. Mendia, errebelazio eta barneratze lekutzat hartzen da. Karmelo mendirako igoeran, sinbolikoki perfekzioaren bideko ibilbide honetan, ezerezaren bidez orotara iristeko nahian idatzi zuen Avilako poeta ospetsuak. Honelaxe itzuli zuen orain gutxi utzi gaituen Luis Baraiazarra idazle, itzultzaile eta poeta karmeldarrak: «Guztia jakitera etortzeko, ez ezazu nahi izan ezertan ezer jakiterik. / Guztiaren jabe izateko, ez ezazu nahi izan ezertan ezeren jabe izaterik./ Guztia izatera etortzeko, ez ezazu nahi izan ezertan ezer izaterik. / Ez dakizunera etortzeko, ez dakizunetik joan behar duzu. / Ez daukazunaren jabe egiteko, ez daukazunetik joan behar duzu». Beraz, gatazka honi konponbidea bilatzeko zailtasunaz jabeturik, inora gabeko bide horretan, historian zehar partekatutako lurraldean, aspaldi idatzitako hitzetan bakerako giltzak aurki ditzatela. Baliteke etorkizunean, Gazan etxerik ere zutik ez geratzea, eraikin guztiak guztiz suntsitzea, baina judutarren kausak indarkeria eta ankerkeria horien aurrean berdin jarraituko al du?