OCT. 24 2024 Bestelako hiri eredu baten aldeko manifestazioa, igandean Donostian «Arriskuan gaude. Desazkunde turistikoa orain!» lelopean, hiri eredua alda dadila eskatzeko manifestazioa egingo dute igande honetan Donostian. Berrogeita hamar taldek baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin. Iazko urrian Donostian eginiko manifestazioa. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA DONOSTIA Bizilagunekin plataformak deituta eta «Arriskuan gaude. Desazkunde turistikoa orain!» lemapean, manifestazioa egingo da igandean, Donostian. 12.00etan abiatuko da mobilizazioa Alderdi Ederretik. Hiriko berrogeita hamar elkarte, talde eta antolakundek baino gehiagok egin dute bat mobilizazioarekin. Plataformak atzo gogora ekarri zuenez, iragan den uda honetan ere bisitarien sarrerek, gaualdiek eta eguneko batez besteko prezioek gora egin dute. «Beste uda bat errekorra hausten, industria turistikoak ospatzen duen hazkunde etengabean. Donostiarrok, ordea, ezer gutxi daukagu ospatzeko. Gutxi batzuentzat urrezko arrautzen oiloa den turismoa gehiengoarentzat ito egiten gaituen eredu ekonomikoa da», deitoratu zuten. Salatu zutenez, auzo turistikoenetan «kaleak masifikatuta, zarata, zaborra, merkataritzaren gainbehera eta bizi ezina begi-bistakoak» dira. Baina, hortik harago, «hiri osora iristen dira turistifikazioaren ondorioak; begi-bistaz ikusten direnak baino sakonagoak, eta maila estrukturalean Donostia eta bertako bizilagunen bizitzak arriskuan jartzen dituztenak». Adibide gisa aipatu zuten «etxebizitza larrialdia: donostiarrak hiritik kanporatuak izaten ari gara». Gainera, lan baldintza prekarioak eskaintzen dituen sektore ekonomikoa «beste jarduera guztiak jaten ari da, eta, hala, ekonomia eredua desorekatzen». Azpimarratu zuten beste ondorioetako bat da «kulturaren merkantilizazioa, inbertsioak eta turismoa erakartzeko elementu soil gisa tratatzen delako»; eta «euskararen eta euskaldunon bazterketa areagotu» egiten da «kanpotik heldutako turistei eta hizkuntzei lehentasuna ematen zaienean». Espazio publikoari dagokionez, «kontsumoa sustatzeko helburuz diseinatzen eta moldatzen» dela salatu zuten, eta mugikortasun eredua «autoetan, hegaldietan eta azpiegitura txikitzaile erraldoietan» oinarritua dagoela. Horretaz gain, Donostian «balio ekologiko neurtezina duten landa ingurune naturalak artifizializatzen dira», ondare historiko eta arkitektonikoaren «suntsipena etengabea» da, eta «tokiko merkataritza kaltetzen da, kate handi eta multinazionalak hobetsiz». Bizilagunekin plataformaren arabera, Donostian luxuzko turismoaren eragina pairatzen ari dira, eta agintariak azken hamarkadetan «turistifikazioaren azeleragailua sakatzen» aritu dira, «espekulatzaileei eta esplotatzaileei mesedeak eta erraztasunak bata bestearen atzetik eskaintzen». Orain, aldiz, «itxurakeriaren unera heldu gara» eta «zentzudun plantak egiten dituzte negozio pribatuen mesedetan gobernatzen dutenek». Plataformaren aburuz, ordea, bisita gidatuen tamaina murriztea, tasa turistikoa ezartzea eta «antzeko huskeriak ez dira nahikoa». «Hiri eredua eraldatu behar dugu, desazkunde turistikoaren bidetik, herritarren bizi baldintzak erdigunean jartzeko», aldarrikatu zuten. MUGA GUZTIAK GAINDITUTA Plataformaren iritziz, eredu turistiko honen hazkundeak «muga guztiak gainditu ditu» eta horren aurrean «desazkunde turistikoaren aldeko neurriak hartzea ezinbestekoa» da eta «muga jartzeko unea heldu da». Horregatik, donostiarrei deia zabaldu zieten atzo «aktibatzeko, antolatzeko eta borrokan jarraitzeko, gure bizitzen eta gure hiriaren defentsan». TURISTIFIKAZIOAPlataformak salatu zuen auzo turistikoenetan agerikoak direla «kale masifikatuak, zarata, zaborra, merkataritzaren gainbehera eta bizi ezina». Hortik harago, «hiri osora iristen dira turistifikazioaren ondorioak; begi bistaz ikusten direnak baino sakonagoak».