Egoera kritikoa
Azken urteetan hezkuntzan gertatu diren aldaketa askoren helburua hausnarketarako eta espiritu kritikorako gaitasuna murriztea izan da. Filosofia, Artea edo Historia bezalako ikasgaiek pisua galdu izanak eragin zuzena du jendarte pasibo eta sumiso baten kontrolerako. Zorionez, bada oraindik ere kalitatezko hezkuntza sistema eraginkor baten alde lanean dabilenik eta xede hori du, besteak beste, urriaren 29rako sindikatuek hezkuntza arlorako deitu duten bigarren greba egunak.
Xantaiaz hitz egin ohi dute sarri mandatariek greba deialdi baten aurrean. Xantaiarik handiena, baina, lanera joan eta etxera bueltatuko ote den ez dakien gazteak pairatzen duena da. Dagoeneko Nafarroa Garaian hamazazpi lagunek galdu dute bizia lanean ari zirela. Azken hiru urteotan hamar izan dira metro askoko altueretatik erorita hil direnak.
Administrazioan, ostera, abiadura handiko trenaren metro bakoitzeko aurrekontuaz kezkatzen dira gehiago. Bien bitartean, Agurain aldeko herritarrek urteak daramatzate Gasteiz-Iruñea trenaren ordutegiak egokitu eta hobetu ditzatela eskatzen, dagoeneko egina den trenbide sarea profitatuz. Alabaina, langileak dira batik bat tren horiek hartzen dituztenak, eta abiadura handiko trenak du lehentasuna langileak hiltzea axola ez zaion sisteman.