Ernaiko 133 kideren prozesu judiziala azaroaren 28an hasiko da
Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko ekimenetan parte hartzeagatik 290.000 euroko zigorra jaso zuten Ernaiko 133 kidek. Egindako mobilizazioez gainera, auzia judizializatu du gazte antolakundeak, helegiteak aurkeztuz.
Ernaiko 133 kidek jasotako isunen eta horren harira abiatu duten epaiketa prozesuaren inguruko xehetasunak eman zituzten atzo Amaiur Egurrola eta Markel Rio gazte antolakundeko bozeramaileek. 2023ko irailaren 22an, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko, Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu zuten ia gazte guztiak identifikatu zituen Ertzaintzak eta, hilabete batzuk geroago, Lakuako Segurtasun Sailak 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak ezarri zizkien, Mozal Legea aplikatuta. Osotara, 290.500 euro.
Maiatzean egindako agerraldian eta irailaren 8an Donostian egindako mobilizazioan salatu bezala, «erabat desproportzionatua eta arbitrarioa den operazio baten jopuntuan» daudela nabarmendu eta Ernairen aurkako eraso argi bat dela argi utzi zuten. Izan ere, normalean, horrelako kasuetan lehenago epaiketa bat izaten da, eta gero ezartzen dira isunak. «Baina, kasu honetan, Segurtasun Sailak berak erabaki du zein motatako isuna ezarri, eta nori», azaldu zuen Egurrolak.
Honen helburua «argia» dela ohartarazi zuen: «Ernai ekonomikoki itoz, politikoki desagerraraztea». «Gazteria independentista osoa jopuntuan jartzea da haien helburua. Eta ez da ausaz erabakitako zerbait. Izan ere, momentu honetan ezker independentismoa gehiengo politiko eta soziala lehiatzen ari delako abiatu dute gure aurkako erre- presio hau», esan zuen.
Egoera honi aurre egiteko, administrazioarekiko auzietako epaitegian isunen aurkako helegiteak aurkeztu ditu Ernaik azken hilabeteetan, prozesu judiziala abiaraziz. Helegiteak banan-banan egin behar izan dituzte, isun bakoitzeko bana. Horrela, lehenengo epaiketa azaroaren 28an izango da Gasteizko epaitegietan, eta hurrengo hilabeteetara luzatuko da prozesua.
Hala ere, auziari «modu kolektiboan» erantzungo diotela nabarmendu zuen Riok. «Errepresio ekonomikoaren bitartez auzia pertsonalizatzea eta indibidualizatzea da Lakuaren helburua. Eta gu, horren aurrean, kolektiboaren antolaketan eta borrokan berresten gara», adierazi zuen.
«Hau ez da epaiketa huts bat, hau hautu politiko bat da, eta erabakiaren izaera azpimarratu nahi dugu. Epaiketa beste borroka eremu bat bezala ulertzen dugu», amaitu zuen Egurrolak.