GARA
LEGORRETA

Aitor Esnaola Dorronsoro legorretarra, baldintzapeko askatasunean

Aitor Esnaola Dorronsoro baldintzapean aske utzi zuten atzo, Etxerat Elkarteak jakinarazitakoaren arabera. 13 urte zeramatzan preso.

2023ko apirilean hirugarren graduan sailkatu zuten eta 2023ko uztailetik aurrera baliabide telematikoen bidez bete du zigorra. Aurretik, 2022ko maiatzean jaso zuen hirugarren gradua, baina Fiskaltzaren helegite baten ondoren, urte bereko azaroan bigarren gradura aldatu eta Martuteneko espetxean sartu zuten berriz. Hori salatzeko, manifestazioa egin zuten Legorretan, Sarek deituta.

Herritarren babesa ez ezik, Udalak elkartasuna adierazi zuen eta EH Bilduk eta EAJk adierazpena onartu zuten; agiri horretan Esnaola hirugarren gradua jaso zuenetik normaltasun osoz, eskumuturreko telematikoarekin, herrian ibili zela nabarmendu zuten, «legeak dioen bezala, birgizarteratze prozesuan, legearen baldintza guztiak beteta eta legedia arrunta aplikatuz. Inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan, ez Legorretako herriarenean».

2019an, gaixo zegoen aitari bisita egin ostean, espetxerako bidean, polizia-segizioak errepidean zegoen artalde batekin topo egin zuen. Esnaolarenak ziren.