OCT. 25 2024 «Abolizioa. Politika, praktikak, promesak», Davis kartzelaz euskaraz Angela Davis pentsalari eta aktibistaren lan bat itzuli du Amaia Apalauzak beste behin, Katakrak argitaletxearekin. Kartzelaren inguruko Davisen lan berria ekarri du euskarara; ingelesez idatzia da jatorrizkoa eta lehen itzulpena du hau: “Abolizioa. Politika, praktikak, promesak”. Garai ezberdinetan idatzitako testuak eta izaera ezberdina dutenak jasotzen ditu lanak, artikulu politikoak, historikoak eta kasu zehatzak eta kronikak tartekatuz. Ez da lehen aldia Amaia Apalauzak Angela Davis itzultzen duena. (Andoni CANELLADA | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Angela Davisen bizitzan oso presente egon da kartzelaren abolizioaren gaia, eta bere idazle ibilbideko hastapenetara itzuliz, berriro ere espetxearen inguruan idatzi du Katakrakek argitaratu berri duen liburua: “Abolizioa. Politika, praktikak, promesak”. Amaia Apalauzak itzuli du, eta atzo aurkeztu zuen, Hedoi Etxarte editorearekin batera. Etxartek gogoratu zuen Davisek hiru dimentsiotan ulertzen duela kartzela: modu pertsonal edota intimoan, politikoan eta ikerketa egiteko ikuspegitik. Denboran momentu ezberdinetan idatzitako eta izaera oso ezberdineko testuak biltzen ditu lanak. Batetik, teoria politikoko testuak jasotzen direla azaldu zuen editoreak; «zer den espetxea, noren aurka doan, nork pentsatzen duen, nor doan kartzelara…», eta hausnarketarako gako bat proposatu zuen: «Zauden tokian zaudela, 100 kilometro baino gutxiagora kartzela bat dago». Bestetik, testu historikoak biltzen dira. Etxartek azaldu zuen esklabotza desagertzean abiatu zela espetxeen hedatzea; ildo horretan, XIX. mendean espetxeen abolizioaren aldeko mugimenduaren hastapenetatik gaur egungo mugimenduetarainoko errepasoa egiten du. Hirugarren testu motak, berriz, kasu zehatzak edota kronikak dira; Herbehereetako, AEBetako eta Kubako espetxe sistemak ikertu ditu. «Zapalkuntza guztien aurka egitea da kartzelaren abolizioaren alde egitea», esan zuen Apalauzak, Angela Davisen tesi nagusia azaldu nahian, eta gaineratu zuen gaiaren hamaika ertz lantzen dituela aktibista estatubatuarrak liburuak dituen bost ataletan; orotara hamabi testu biltzen ditu lanak. KARTZELA, LEHEN ETA ORAIN Hasierako ataletan atzera begirako genealogia bat egiten du Davisek. XIX. mendean «kolorea dutenak» zigortzeko sistema diskriminatzaile bezala sortu zela adierazi zuen itzultzaileak, baina esklabotza desagertzean baztertutako pertsona horiek espetxean sartzen hasi ziren. «Hein batean transferentzia bat eman zen; hasieran kartzelan gizon zuriak zeuden, eta esklabotza amaitzean ‘koloreko’ gizonak preso sartzen hasi ziren», kontatu zuen. Gainera, hasierako helburua pertsona horien «errehabilitazioa» bazen ere, Davisen ustez, zigortzea eta pertsona horiek espetxean «txikitzea» izan da beti. Berak sortutako terminoa ez bada ere, Davisek «kartzela industria konplexua» kontzeptua azaltzen du liburuan; «konplexua egitura bezala ulertuta, ez konplikazio gisa», zehaztu zuen itzultzaileak. Davisen iritziz, kartzela negozio bilakatu da: «Etekin ekonomikoaren bila dabil sistema, eta hortik datoz presoen errentamendu sistemaren gaurkotzea edota kartzela pribatuen gorakada. Sistema bera elikatzen du preso kopuruen gorakadak». Bosgarren ataletik aurrera, gainera, egun gertatzen ari den espetxeen hedapena arduradunek nola justifikatzen duten azaltzeko ahalegina jasotzen du liburuak. «Krimenaren ideologia bat sortu dute kartzela justifikatzeko eta populazio jakin batzuk kriminalizatzeko», argitu zuen. Idazleak azaldu zuenez, gero eta emakume gehiago dago espetxeetan; Apalauzak datu bat eman zuen: «1998an ia bi milioi emakume zeuden espetxean (AEBetan), eta horietako %70 baino gehiago ‘kolorekoak’». Bestalde, eta Davisek izan ohi duen ikuspegi zorrotzarekin, itzultzaileak kontatu zuen generoari dagokionez ere analisi interesgarria egiten duela. Izan ere “zigor pribatu” eta “zigor publiko’ terminoak esplikatzen ditu. Davisek kontatzen du lehen emakumeak «zigor pribatua» jasaten zuela, «normalean, etxean ematen ziren biolentzia eta zigorrekin lotuta»; baina, indarkeria horien aurrean defendatzen hasitakoan lehen pribatua zen zigorra jada zigor publiko ere bihurtu zela; eta ondorioz, maiz, zigor bikotza jasaten dutela. KASU ZEHATZEN KRONIKAK Espetxean dauden emakumeek zigor bikoitz hori pairatzen dute, Apalauzaren azalpenen arabera, eta horren adibide gisa jarri zuen Kaliforniako kasua. Liburuko azken hiru ataletan kasu zehatzak lantzen dira. Hain zuzen ere, Kum-Kum Bhavnanirekin batera Herbehereetako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kubako emakume espetxeratuak aztertzen ditu Davisek. Bertako presoei elkarrizketak eginez eta sistemak aztertuta egin zuten landa-lana. Itzultzaileak azaldu zuen ezberdintasun handiak dauden arren, AEBetako egoera dela «ankerrena», eta joera gehienak sistema horretarantz doazela. ZALANTZAN JARRIApalauzak gaineratu zuenez, azken urte luzeetan espetxean dauden emakumeek eta mugimendu feministak bat egin dute aldarri berarekin, kartzelako bizi baldintzen aurka borrokatzeaz gain, batez ere, kartzela instituzio gisa zalantzan jartzeko aldarria eginez.