OCT. 25 2024 Martxoaren 3ko beste zazpi zauritu aurkitu eta ondarea bildu dute Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k ehun liburu baino gehiago, 60 aldizkari, 55 ikus-entzunezko dokumentu, ondare materiala eta bideoan grabatutako 70 testigantza bildu dituzte, tartean zazpi zauritu berri. Memoria gunerantz aurrerapausoa da otsailetik egindako ikerketa lan hau, baina erakundeek ere aurrera egitea falta da oraindik. Dokumentazio lanaren berri emateko egindako prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO | FOKU) Alaia SIERRA GASTEIZ 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutako sarraskiaren biktimen omenez San Frantzisko elizan oroimenezko zentroa sortzeko aurrerapausoa eman dute Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara ekimenak. Zortzi hilabetean egun hartan zauritutako zazpi pertsona berrirekin harremanetan jarri dira, dokumentuak eta objektuak bildu dituzte eta 70 testigantza baino gehiago bideoan grabatu dituzte. Hala azaldu zuten atzo Nerea Martinez eta Julen Diaz de Argote elkarteko kideek prentsaurrekoan. Esan zutenez, otsailean Lakuako Gogora Institutuarekin sinatutako hitzarmenaren harira egin dute lan hau. Koordinazio, aholkularitza eta partaidetza lanak egiteko sinatu zen akordioa. Diaz de Argote historialaria da eta inbentario eta dokumentazio lanean ardura handia hartu du. Ehun liburu baino gehiago, 60 bat aldizkari eta 55 ikus-entzunezko dokumentu lortu dituzte. Horren lagin txiki bat erakutsi zuten atzo: bala batek zeharkatutako diru-zorroa, argazkiak, bala bat eta honek egindako zauriaren mediku-txostena, hildakoen argazkiak, Areitio lantegiko kutxa bat, Vicente Anton Ferrero martxoaren 8an Basaurin hildakoari idatzitako poema anonimoa, kopiak egiteko makina, ke-potoak, nominak eta bestelako dokumentuak. Errota auzoan tiro markak ere topatu dituzte. Ondare materiala baino «baliotsuagoa eta garrantzitsuagoa izan daitekeen» ondare immateriala ere lortu dute. 70 pertsona baino gehiagorekin elkarrizketak grabatu dituzte; besteak beste, zaurituen senideak, zauritutako pertsonak, grebetan parte hartu zuten langileak eta bilerak egiteko elizak utzi zituzten apaizak daude horien artean. Gertakarietatik 47 urte baino gehiago igaro badira ere, badaude elkarteak kontaktatu ez dituen biktimak. Hilabete hauetan zazpirekin harremanetan jartzea lortu dute, izenak ezagunak direlako, baina oraindik 20 baino gehiago falta dira. Horiei harremanetan jartzeko dei egin zieten, laguntza eskainiz. «Bere istorioa inoiz kontatu ez zuen» horietako bat Manuel Pizarro izan zen, belaunean zauritu zutena. Diaz de Argotek nabarmendu duenez, beraiekin bildu baino lehen hil zen eta ez zuen aukerarik izan gertatutakoa erregistratuta uzteko. Elkartearentzat, Pizarro da «aitorpen ofizialik jaso ez duen beste hildako bat». Oraingoz 1976ko martxoaren 3 horretako inguru hurbila eskaneatu eta ongi aztertu eta erregistratu nahi dute. Gero, gasteiztarrei dei egingo diete ahal dutenarekin laguntzeko. Martinezek nabarmendu zuenez, Gasteizek konpromiso handia du egun horren bueltan gertatua argitu dadin. Horrekin, Diaz de Argotek nabarmendu zuen «garrantzitsua eta interesgarria» dela eguneroko bizitzako gauzak biltzea. Hor sartzen dira enpresetako nominak, 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean Gasteizera etorritako migranteen maletak edota mobilizazioetan ere presente egon ziren lan-jantziak, adibidez. LAKUARI ESKAERA Horren harira, Lakuari eskatu diote aitortuak izan ez diren biktimak aitortuak izateko eskubidea egikaritzeko mekanismo bat abian jartzea. «Biktima orok dauka aitortzarako eskubidea, ez bakarrik Martxoaren 3koek; badaude Estatu terrorismoaren biktima asko aitortuak izateko aukerarik izan ez dutenak», adierazi zuen Martinezek. Halaber, «egia osoa» jakin ahal izateko artxiboetarako sarbidea «funtsezkoa» dela argi utzi zuten. Hortaz, Lakuari exijitu diote eska diezaiola Gobernu espainolari klasifikatuta jarraitzen duten artxiboetara sarbidea ahalbidetu dezala. Oroimen zentroaz, laguntzeko asmoa berretsi eta Gogorarekin hitzarmena 2025ean luzatuko dela esan zuten, asmoak «denbora, baliabideak eta biktimen eta talde memorialisten ezinbesteko parte-hartzea behar dituelako». 20 ZAURITUEzagutzen ez zituzten eta Martxoaren 3an zauritutako zazpi pertsonarekin harremanetan jartzea lortu dute. Hala ere, izenak badakizkite eta oraindik badira 20 pertsona baino gehiago elkartearekin kontakturik izan ez dutenak. Harremanetan jartzeko deia egin zieten atzo, laguntza eskainiz.