Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Eskola taupadak

Eskolak ez dira ikasteko leku soilak, dinamizaziorako leku naturalak dira. Jendea biltzen den ohiko guneak «auzo-bihotz» gisa dira ezagunak. Edonor, batez ere arratsaldeko irteera-orduan eskolen aurretik pasatzen bada, konturatuko da horiek direla auzoen benetako taupadak. Bertan ikasleak, familiak eta komunitateko kideak biltzen dira. Jolasak eta elkarrizketak entzuten dira, espaloiak irribarrez, bizitzaz eta kolorez betetzen dira; eta, dudarik gabe, auzokide izatearen sentimendua indartzen da. Errealitate hori, gainera, hiri osora hedatzen da eskolaz eskola eta auzoz auzo.

Eskolen inpaktua ikasgelen hormetatik haratago hedatzen da. Indar eraldatzailea izateko gaitasuna dute; izan ere, eskolek eta euren influentzia-eremuek ahalmen izugarria dute auzoen dinamizaziorako traktore izateko. Horregatik, indar hori guztia bultzatzeko ez dira nahikoa neurri zehatz eta puntualak; funtsezkoa da haratago joatea, hiria bere osotasunean eraldatzeko duten gaitasun horretaz baliatzeko apustu serioa eginez. Horretarako, ezinbestekoa da zentro bakoitzeko ikasleez, familiez eta irakasleez gain, eskola influentzia eremuetan mugitzen diren agenteen parte hartzea; esaterako, merkatarien eta auzokide elkarteen inplikazioa.

Beharrezkoa da eskola-bideak, eskola-inguruneak eta ikastetxeak osotasun gisa birpentsatzea: erabilerak birplanteatu balioaniztasuna sustatuz, inguru berdeak bultzatuz, zentroetarako sarbideak eta ikusgarritasuna hobetuz, haurren autonomia sustatzen duten bide seguruak eta hurbilak landuz, interakzioa eragiten duten elkarbizitzarako eta jolaserako ingurune atseginak sortuz, espazioak ireki komunitatearekin lotuz... Ezin baita ahaztu gure hirien diseinuan eta planifikazioan haurrak kontuan hartzen ez baditugu, eurak baztertzen ari garela. Esate baterako, haurrak jolasetarako hesitutako guneetara mugatzen baditugu, ez gara euren beharrei behar den moduan erantzuten ari. Hirietan elkarbizitzari eta jolasei behar duten protagonismoa aitortu behar zaie.