OCT. 26 2024 Gabonen atarian jarri gaitu ura bere bidean-ek Urtetik urtera jende gehiagorengana iristen den ekimena da Ura Bere Bidean. Aurtengo edizioan bi egunetako emanaldiaz gain, entsegu ireki bat ere egin dute eta 24.000 pertsona bildu ditu BECera. Euskal Herriko pop kulturako artista ugari oholtzan, BOS eta Bilboko Koral Elkartearekin eta Fernando Velazquezen gidaritzapean. Gustura hartzen du jendeak pop kulturaren eta musika sinfonikoaren uztarketa, Ura Bere Bidean ekimenak argi erakusten duenez. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Iker GURRUTXAGA Gabonak gerturatzen ari direla ekartzen digu gogora Ura Bere Bidean ekimenak. Ohikoak dira batean eta bestean halako kontzertuak Gabon garaian, baina Euskal Herrian urriko azken asteburuan hartu du tokia, agidanez. Bi mila lagun inguru izan ziren osteguneko entseguan eta ostiralean adina lagun izango dira gaur ere, 10.000 ikusle eguneko, Barakaldoko BECen musikaz gozatzen. Atzokoan Olatz Salvadorrek eta Mikel Urdangarinek hogeina minutu izan zituzten beren azken lanak aurkezteko, “Zainak eman” eta “Mundua eder”, Biak ala biak Durangoko Azokan izango dira eskuratzeko moduan. Ia ordubeteko beroketaren ostean, asko eta asko urte osoan itxaroten izan diren emanaldia hasi zen. GALAZ JANTZITA BEC Pop kultura eta orkestra uztartzearena ez da gauza berria, baina Euskal Herrian oso apika egin den zerbait da, harik eta ekimen hau hasi zen arte. Iñaki Irastorzak diseinatutako argi ikuskizunak pisu handia hartzen du Ura Bere Bidean ikuskizunean, artisten lana dotore janzten duelako. Baina, atzokoan, bestelako efektu bereziak ere izan ziren. Abeslariak sabaitik zintzilik, jende artean abesten… Denetarik izan zen. Datorren urtean ere ziur urak egingo duela bere bidea. Ea aurpegi ezagunei undergroundagoak batzen zaizkien.