OCT. 26 2024 TXIRRINDULARITZA Kate motzean lotu du Laboral Kutxak Ostolaza: beste bi urtez luzatu du kontratua Zarauztarrak 2027ko sasoira arte berritu du kontratua Laboral Kutxarekin. Ostolaza pozik dago «etxeko taldearekin» jarraituko duelako. Usoa Ostolaza, errepideko Espainiako txapelketako helmuga marran, garaipena ospatzen. (SPRINT CYCLING) Zuriñe IGLESIAS SARASOLA Laboral Kutxak motzean lotu du aurten distira gehien egin duen etxeko txirrindularia. Usoa Ostolazak 2027ko denboraldira arte jantziko du maillot morea. Txirrindulari zarauztarrak datorren denboraldira arte zuen kontratua, 2025eko sasoira arte, alegia, eta beste bi urtez luzatu du taldearekiko konpromisoa. «Etxean sentitzen naiz, baloratua arlo guztietan, eta horri garrantzia ematen diot errendimendua lortzeko garaian», adierazi du zarauztarrak kontratua luzatu berritan. Triatloian aritu ondoren, Ostolaza orain dela lau urte batu zen Laboral Kutxara. Taldeak aurrera egin duen bezala, zarauztarrak ere pauso sendo bezain handiak eman ditu. Denboraldi honetan egin du eztanda. Bi etapa-garaipen eskuratu ditu -errepideko Espainiako txapelketan, Pirinioetako Tourreko Aubisqueko etapan-, eta Pirinioetako Tourreko garailea izan zen. Horrez gain, Yurani Blanco taldekidearen atzetik, bigarren geratu zen Eibarko Hiri Sari Nagusian, bosgarren Andaluziako Itzulian, eta 11. Ardecheko Tourrean (bigarren etapa batean). Gipuzkoarrak nabarmen eman du aurrerapausoa tropelean. Nazioarteko egutegiko proba onenetan izan duen erregulartasunari esker, munduko sailkapeneko 75 txirrindulari onenen artean dago. AMONDARAIN 2025 Joan den asteazkenean iritsi zen Naia Amondarainen albistea. Ibartarrak beste urte batez luzatu du kontratua Laboral Kutxarekin. Denboraldi honetan amaitzen zitzaion, eta ikusteko zegoen zer erabaki hartuko zuen taldeak. Azkenik, Amondarainek 2025eko denboraldira arte jantziko du maillot morea. Ez da denboraldi erraza izan berarentzat. Joan den urtean ez zen batere lehiatu, aldakan izan zuen lesio bat tarteko, eta sasoi honetan ere lanak izan ditu guztiz osatzeko. Azkenerako, baina, argia ikusi du tunelaren amaieran, eta ia urte eta erdiz lehiatu gabe egon ostean, Kataluniako Itzulian aritu zen aurrenekoz. Debora Silvestriren ostean, Amondarainek eta Ostolazak kontratua berritu dute. Gainontzean, Idoia Eraso, Ane Santesteban, Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo dira 2025erako kontratua duten txirrindulariak. Herenegun jakinarazi zuen sare sozialen bitartez Nadia Quagliottok Laboral Kutxa utziko duela, abentura berri bati ekiteko. ETXEAN, EROSOUsoa Ostolaza: «Asko gozatu dut urteaz, baita asko ikasi ere. Nahiz eta denboraldia orain dela gutxi amaitu dugun, ilusioz eta gogoz nago aurten ikasitako guztia datorren urtean praktikan jartzeko»