Jon ORMAZABAL
PILOTA

Villabonako besamotzaren oinordekoek estreinatuko dute Madrilgo Beti Jai

Behar Zana klubeko hiru pilotari -Iñaki Lizaso, Arkaitz Esnaola eta Aspen profesional izandako Julen Urruzola- eta Errenteriako Epleko Iker Urmeneta añorgarra arituko dira espainiar Estatuko erdialdean kokatutako pilotaleku eder eraberrituan.

Madrilen arituko diren pilotariak, Villabonako besamotzaren argazkiarekin.
Madrilen arituko diren pilotariak, Villabonako besamotzaren argazkiarekin. (BEHAR ZANA)

Azken unean eraitsia izatetik salbatu eta gero, Madrilgo Beti Jai pilotalekuaren inguruan izandako gertaera zelebreen arteko azkena Madrilgo agintariek bertan edozein kirol ekintza -pilotan jokatzea ere bai, noski- debekatzea izan da. Hala ere, Villabonako Behar Zana klubak eta Pelota Madrid klubeko Aitor Yagüek elkarrekin egindako lanari esker, espainiar Estatuko hiriburuaren erdialdean kokatutako pilotaleku ederraren inaugurazioan pilota hotsa entzungo da. Villabonako besamotzaren oinordekoek estreinatuko dute Beti Jai eraberritua.

«Pedro Yarzak, Villabonako besamotzak, Madrilen jokatu zuen bertako Euskal Jai eta Fiesta Alegre pilotalekuetan, baina sekula ez zuen Beti Jai pilotalekuan jokatu. 1894an inauguratu zuten Beti Jai eta gure herritarra lau urte beranduago hil zen», azaldu digu ekimenaren sustatzaileetako Iñaki Lizasok. «Hainbeste urteren ondoren gu bertan aritzeak ilusio handia egiten digu».

Gainera, bada Madrilgo frontoia eta Gipuzkoako herri txiki hau batzen dituen beste elementu bat. Izan ere, Beti Jai pilotalekuan puntaz eta «punta-bolean» jokatzen zuten eta azken honen jokorik gertukoena joko garbia da, Villabonan tradizio handia duen joko modalitatea.

Behar Zanako hiru pilotari -Iñaki Lizaso, Arkaitz Esnaola eta Aspen profesional izandako Julen Urruzola- eta Errenteriako Epleko Iker Urmeneta añorgarra arituko dira, madrilgo beste pilotari batzuekin -hauek eskuz eta frontenisean arituko dira-, baina horretarako aurretik «sukaldeko» lan handia egin behar izan dute.

«SUKALDE LANA»

Kontua da, Salvemos el Beti Jai plataformak pilotalekua eraispenetik salbatu eta hura eraberritzea lortu ostean, Madrilgo agintariek eraikina ondare izendatu eta bertan edozein kirol jarduera egitea galarazi zutela. Aurreko astean inauguratu zuten interpretazio zentroa edukiz hornitzeko, euskaldun batengana, Daniel Carballorengana, jo zuten, eta orain Iñaki Lizasok eta Aitor Yagüe Madrilgo Pilota Federazioko kideak egindako gestioei esker inaugurazio egunean Beti Jai pilotalekuan pilota hotsa entzungo da.

Pilotaren militante hauen hurrengo erronka pilota zabaltzen jarraitzea izango da.