OCT. 27 2024 JOPUNTUA Ekolapsoa Eli PAGOLA Bertsolaria Euskal Herrian dugun energia mendekotasuna eta horren gaineko kezka ez da atzo piztutako sua. Lurraldean zentral nuklearrak eraikitzeko proposamenak egin zituzten garaiko herritarren testigantzak irakurtzea besterik ez dago. Orduan ere, energia erauzteko beste herrialde batzuen pobretzean sakontzen zela jakitun, nuklearrik ez zen nahi; argi zegoen ez zela irtenbidea. Aldeak alde, orain, eolikoak eta fotovoltaikoak dira gaia. Energia berriztagarria aipatzen da baina, izatez, energia elektriko berriztagarria da. Gutxien-gutxienez, hala esatea eskatuko nuke. Gure gizartearen elektrifikazioa esponentzialki hazten ari da eta mix energetikoan elektrizitate-portzentajea (energia kontsumoaren %30 inguru) handituko bada, sarea eta azpiegiturak asko aldatu eta ugarituko dira. Zer ondorio izango ditu horrek? Baten bat baino ez da ausartu gaiari heltzen. Presaka aritzea beti omen da kalterako eta, hala ere, gure bizi erritmoak moteldu beharrean, dugun statu quoa mantentzeko urgentziazko erabakiak eskatzen dira azeleratuki. Ez dago hizketarako denborarik, lehenik egin eta ondoren pentsatu, lehenik eraiki eta ondoren publifikatu. Izango ez dute, ba, gazteek ekoantsietatea? Dena katastrofikoa izango den tranpan erori gara eta, beraz, txarrean onena egin behar dela sinistu nahi dugu, etorkizunik izango bada. Eta, zer den kontua, instalazio eolikoz inguratuta eta korridore ekologikoak etenda, ezin dela etorkizunik irudikatu Aranorentzat. Baina fokalizatzea gaiari ihes egitea omen, arduragabea eta negazionista. Antza, hemen ekoberdeak eta ekobardeak bereizten gara. Botere ekonomikoaren interesa aparte utzita, zein da komeni zaigun energia eredua? Zertarako behar dugu energia eta zenbat? Non sortu, han kontsumitu? Arabatik Zierbenara eramateko prest badaude, nora ez? Iberiar penintsula, biztanleria osoaren elikadura bermatuta izan gabe, Europako herrialde aberastuentzako ekoizle bada (elikagaien esportatzaile), sinets dezakegu elektrizitatearekin ere ez dela berdin egingo? Botere ekonomikoaren interesa aparte utzita, zein da komeni zaigun energia eredua? Zertarako behar dugu energia eta zenbat? Non sortu, han kontsumitu?