GARA Euskal Herriko egunkaria
HIRUGARREN TXAPELA AIZKORAN
Interview
NEREA ARRUTI
Aizkolaria

«Ikusten da jende gehiago datorrela atzetik, eta hori oso pozgarria da»

Nerea Arrutik (Urnieta, 1990) Euskal Herriko Aizkora Txapelketa hirugarren aldiz jarraian irabazi du. «Oso pozik» agertu da lortzen ari den guztiarekin, baina «zer hobetu» baduela nabarmendu du urnietarrak. Emakumezkoen aizkolaritzari ere «etorkizun oparoa» ikusten dio. Pentatloiaz adierazi du bi urte barru jokatzea «zaila» izango dela.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aizkoran hasi zenetik erabat nagusi dabil Nerea Arruti. Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako hirugarren txapela eskuratu berri du, hirugarrena jarraian. Aise nagusitu da lehiatu den hiru edizioetan, baina oraindik ere zer hobetu baduela esan du urnietarrak; «batez ere, alderdi teknikoan».

Lehen Mailako Aizkolari Txapelketako hirugarren txapela lortu berritan, pozik?

Egia esan, oso pozik nago. Hiru urte borobil izan dira.

Hirugarrenarekin, Nerea Sorondok bezainbeste txapel dituzu; hori ere bazen helburuetako bat?

Egia esan, ez zen helburuetako bat. Azkenean nik nire buruarekin dut borroka; besteek zer egin duten, egia esan, ez dut kontuan hartzen. Nire helburuak ditut eta horiek betetzera noa.

Hain justu, Sorondori hiru minutu eta erditik gorako aldea atera zenion finalean. Uste baino errazago?

Orain ikusten dudala, eta orain esaten dudala, bai ondo irabazi nuen, baina momentuan azkeneko enborrean sentsazioa nuen gauzak oso gaizki joan behar zitzaizkidala galtzeko, baina erraz-erraz... Azkenean bakoitzak bere lana egin du; batzuek lan hobeagoa egin dute, eta beste batzuei ez zaie hain ondo atera. Nire lanarekin pozik geratu nintzen.

Askotan etxean hobeto aritzen zarete plazan baino. Finalean hala izan zen?

Hori horrela da, bai. Azkenean saiatzen zara etxean bezala egiten, baina urduritasun horiek, azkenean plaza plaza dela, okerrago egiten duzu. Bai, ondo atera zen; beste txapelketetan, egia esan, ez naiz horren gustura geratu, baina etxean normalean hobeto egiten dut lana.

Nekatu ez zara egingo irabazteaz, baina ez dakit emozio pixka bat falta ez ote den. Hirugarren posturako emozioa egon zen, baina gainontzean...

Ez. Uste dut beti edozer gerta daitekeela. Beste txapelketa batean lehia hor dago. Egia esan, oso preparatuta joan nintzen; besteak ere oso prestatuta joango zirela pentsatzen dut, baina mentalki oso ondo nengoen, fisikoki ere bai, eta orduan agian horrek ekarri zuen irabaztea, baina beti dago lehia.

Nolabait ere errekorra ezarri duzu, lanak bi kana-erdikorekin amaitzen direnetik: 17 minutu eta 33 segundo. Markari dagokionez, baduzu helbururik aurrera begira?

Urtetik urtera hobetzea da helburua. Suposatzen da urtetik urtera teknikoki hobeto egiten dituzula lanak, segun eta fisikoki nola harrapatzen zaituen, baina printzipioz hobeto egon beharko nintzateke. Ikusiko dugu, baina saiatuko gara datorren urtean marka hobea egiten.

Beharbada, azken urteetan alde teknikoa gehiago lantzen jardun zara, eta aurrera begira ere hori duzu gehienbat landu beharrekoa?

Bai, nire kasuan bai. Kirol asko egitetik nator, eta beti mantendu egin behar da, baina egia da teknika aizkoran oso garrantzitsua dela. Noski hobetu dudala, ikusten dut entrenamenduetan eta txapelketetan, baina oraindik asko falta zait. Azken urte honetan uste dut gehien landu dudana alde teknikoa izan dela.

Aurrera begira, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko duzue lehendabizi.

Bai, azaroaren 3an dugu txapelketa. Aurten uste dut sei pertsona izango garela. Zenbat eta jende gehiago, orduan eta maila handiagoa; beraz, pozik.

Txapelketaz harago, nola ikusten duzu aizkolaritzaren osasuna?

Ikusten da hobetzen ari dela, jende gehiago datorrela atzetik, eta hori pozgarria da. Ni hasi nintzenean uste dut gutxi ginela, gero bat-batean jende gehiago hasi zen, eta, egia esan, uste dut edo espero dut, behintzat, datorren urte hauetan jende gehiagok izena ematea. Horrek egingo duena da azkenean maila gora joatea.

Finalean Elgoibarko plaza bete-beteta zegoen arren, kosta egiten da plazak betetzea?

Egia esan, kosta egiten da plazak betetzea, batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Harritu ninduen plaza nola zegoen ikusteak. Egia da eguraldiak asko lagundu zuela, dena irekia zen. Plaza horrela ikustea, eta gainera, gure finala, nesken final bat izatea... Sekulako ilusioa egiten du.

Orain dela hilabete izan genuen euskal pentatloiko finala; emakumekoen lehiarik ez zen egon, ordea. Hor ere oraindik lan handia dago egiteko?

Pentatloiaren kontua beste kontu bat da. Gauzak aldatu ziren edo saiatu ziren aldatzen, onerako edo txarrerako, azkenean jendeak ez zuen izena eman. Pena da, uste baitut aurreko urteetan lortutako guztia bertan behera geratu dela, eta pena ematen du. Azken urtean, behintzat, egin zen. Tira, banakakoa ez genuen egin, pena izan zen hori ere, baina datozen urteetan ez dakit zer pasatuko den. Hemendik bi urtera espero dut jende gehiagok parte hartzea. Azkenean harria jasotzen jendea dago, eta aizkoran ere saiatzen baldin badira, oso ikusgarria den kirola da.

Orain urtebeteko geldialdia egingo du pentatloiak. Uste duzu itzultzen denerako emakume talde eder bat animatzeko moduan izango dela?

Zaila ikusten dut. Azkenean aurten eta joan den urtean geunden jendea ohituta gaude edo geunden, behintzat, bi kiroletan ibiltzera, eta orain dagoen jendea bakarrean ibiltzen da. Hemendik bi urtera gauzak alda daitezke, baina zaila ikusten dut.

Zuk asmorik baduzu?

Aurten eta joan den urtean izena eman nuen, baina ez zenez atera, penarekin geratu nintzen. Baina ni bai, beti prest.