OCT. 27 2024 GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA Unai Mendizabalek batu du puntu gehien azkoitian Erregulartasunez bete zuen puntuen zakua Unai Mendizabal zizurkildarrak. Final-laurdenetan hirugarrena jokatu zen atzo Azkoitiko Baztartxon, kasik 500 bertsozaleren epelean. Asier Azpiroz bigarrena izan zen, lehenengoaren puntu berdinekin, 485,5. Berdinketa, beraz. Epaile bakoitzaren sailkapena kontuan hartuta hausten da berdinketa; kasu gehienetan gorago dagoenak irabazten du. Behean, Unai Mendizabal, Azkoitiko saioko irabazlea, eta Baztartxo Antzokiaren itxura atzo arratsaldean. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Amagoia MUJIKA TELLERIA Unai Mendizabalek finalaurrekoetarako txartel zuzena lortu zuen atzo arratsaldean Azkoitian. 485,5 puntutan erosi zuen txartela, erregulartasunaren lanerako buzoa jantzita. Zarauzko finalaurrekoan arituko da. Gauza bitxia gertatu zen; lehen bien arteko berdinketa, Asier Azpiroz zubietarrak ere 485,5 puntu lortu baitzituen. Horrelakoetan epaimahaiak baditu hiru irizpide jasoak berdinketa hausteko. Atzo lehenengoarekin nahikoa izan zen; epaile bakoitzaren ariketaz ariketako sailkapena kontuan hartuta, Mendizabal kasu gehiagotan geratu zen Azpirozen aurretik. Saioa, oro har, nahiko berdinduta joan zen, ez zen alde handirik izan bertsolari batzuen eta besteen artean, nahiz eta tontor propioak izan ziren. Mendizabal ondo sartu zen saioan lehen ariketan, zortziko handian. Oier Etxeberriarekin batera egokitu zen, gai honen aurrean biak: 20 urteko bi gazte zarete, asteburuetan herriko nerabeekin Gaztelekuan lan egiten duzuenak. Unai uztekotan da; Oier, berriz, ez. Hauxe, Unairen lehena: «Batek erderaz hala esan zidan ‘callate tu puto calvo’/ pazientzia pixkat banuen baina ezin det gehiago/ hasieratik nahiz ta ez diren egun gehiegi igaro/ ilusiotan etorri nintzen baina ja etsita nago». Saioak aurrera egin ahala, zortziko txikiko ariketan atera zien gainontzekoei koska handiena Mendizabalek. Ariketa horretan Maialen Akizurekin egokitu zen. Maialen, tabernaria eta Unai, bezeroa. Unai goizero lehen bezeroa izaten da, beti kafea eskatzen du eta 50 euroko billetea ateratzen du ordaintzeko. «Goizean lehenbizikoz etorri da hona/ ta bi aurpegikoa nola den txanpona/ billetea erakutsiz papardun gizona/ erakutsi beharra ez da kontu ona», abiatu zuen ariketa Akizuk. Eta Mendizabalen erantzuna, «Honaino iristea ai zure ametsak/ kafea hartu eta irakurri prentsak/ asko zuritzen dizkit zure barra ertzak/ kafea ta dirua biak ditut beltzak». Ganbarakoan ere txukun aritu zen. Hauxe zuten bakarkakoa osatzeko gaia: Bizilekuz aldatu behar izan duzu. Mendizabal Donostian alokairuko etxea utzi behar duen gaztearen azaletik aritu zen. «...kiribildurik ametsak eta kiribildurik hesteak/ geroik gabeko etorkizuna bihurtu gera gazteak», bukatu zuen bigarrena. Eta, hirugarrena, «maleta bete ta ate aurrean jarria diot frenoa/ irtenbiderik ez daukat eta amaren etxera noa». Asier Azpiroz izan zen bigarrena, puntutan berdinduta. Azpirozek Eli Pagolarekin abiatu zuen saioa zortziko handian eta bien artean arratsaldeko olatuetako bat marraztu zuten. BI HARRI-JASOTZAILE BETERANO Azpiroz eta Pagola bi harri-jasotzaile beteranoren gorputzean jarri zituen gai-emaileak. Garai batean zale gehienak alde zituzten, baina orain haien aurkari gazteek txalo gehiago jasotzen dituzte. «Goenatxo naiz ta zenbat urte euskal plazetan bueltaka/ oain youtuberrak hasi zaizkigu propaganda eta kaka/ hainbat kruasan etortzen dira gimnasioa lagata/ errespeturik ez daukatenak crossfitetik aterata», hasi zen Azpiroz. Eta, Pagola, bikain: «Crossfiteroak etorri dira dena tatu eta haize/ zure barrungo euskalduntxoa kikildu dutenak aise/ baina plazara atera eta ze jarrera ta ze klase/ txalo gehiago jasotzen dute harri gehio bezelaxe». Arratsaldeko saio beroenetakoa izan zen. Hirugarren Ane Labaka lasartearra izan zen, 477,5 punturekin. Saioan gorantza ertzak altxatu bazituen ere, ganbarakoan eman zuen onena. Ganbararik onena eta puntuatuena berea izan zen. Hauxe, lehena: «Errelato bat eraikitzen da sarri sintagmaz sintagma/ sumendi eran kanporatzeko nere barreneko magma/ bere izena entzundakoan estutzen zait diafragma/ gertatu zenak barru-barruan dena aldatzera narama/ bizilekua ta lana/ aldatuak banan bana/ mamu ilun bat behin eta berriz itzultzen baita nigana/ nere herrian lasai bizi da eraso egin zidana». Laugarrena puntuazioan, Eli Pagola. Hernaniarrak oso goitik hasi zuen saioa lehen aipatutako zortziko handiko ariketan eta eutsi egin zion. Ganbarakoan, herri txikien aldeko aldarri ederra egin zuen, argudio zorrotzekin. «...landa eremura gera puntu batera iritsi / non gure herritan ere ia ezin dugun bizi», lehen arrazoia. «...gure herritxoak ere hala husten ari dira/ eta bidaltzen gaituzte tokirik ez den tokira», bigarrena. Eta, azkena, «...hiriko biztanleeri esan nahi dizuet hara/ gurea den bezalaxe zuen auzi ere bada». Oier Etxeberria azpeitiarra izan zen bosgarrena, 468 punturekin. Hizkuntzarekiko gustu berezia duela erakutsi zuen eta ia ariketa guztietan eutsi zion. Zortziko txikian bira ederra egin zuen. Aita-semeak ziren bera eta Azpiroz. Etxeberriak, aitak, beti anaiaren izenez deitzen zion semeari. «Memorian ez dira nere oztopoak/ ez ditut kontrolatzen izenen jokoak/ Asier eta Unai ditut gogokoak/ bixkiak baitzarete poltsa berekoak», bota zuen gaiari ñabardura propioa emanez. Akizu izan zen seigarrena, 414 punturekin, dezenteko koskara. Atzoko lehen bostek hurrengo fasera pasatzeko aukera dezente dituzte, Akizuk izan ezik. Amaierako agurrean hunkitu zen moduak erakusten du txapelketak ordu asko behar dituela eta inbertsioa beti ez dela espero bezala ateratzen. Plaza latza gerta daiteke txapelketakoa, baina badira plaza gehiago, zorionez. Final-laurdenetan hirugarrena jokatu zen atzo Azkoitian. 500 bat lagun batu ziren Bazkartxora saioa entzutera