Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Arreta, atzekoz aurrera

Ez dakit betiko batzuentzat arazoa zein den, ea afaria kalean den ala kalean dena afaria den... bata eta bestea solidarioak izatea ote? Bertoko lur-emaitzak izatea arazo akaso? Betiko niretzat, ostera, betiko horiek dira arazo. Aurre egin behar zaie, kaletik eta janlekutik, 0 kilometrotik betiere, eta hamaiketakotik hasita. Korrokada frontea zabaldu behar da aurre egite bide horretan bidaide, demonio! Kontrako eztarritik joan dakien! Eta amen!

Bazen garaia! Anbulantzien kontuak badu, izan, iraungitze-data. Ez dakit noiz, atzo geldirik ikusi nuen anbulantziako atzealdean sikiera ez zelako barra-kodea agerian, baina bai, izan badu data. Eta orain arteko enpresa joan badoa, anbulantziaz ote? Auskalo! Irteera ordenatua izango ei da, sarreraz geroztiko jarduera izan ez dena. Kolpea gero, anbulantzien gaitza non eta bulegoan izatea! Baina zelan eroan bulego bat ospitalera anbulantziaz? Are gehiago, momentuan anbulantziarik ez badago? Ama, ama! Arreta lehenago ipini behar da lehen arreta osasuntsua izateko.

Ordena batzuetan inportantea da, faktoreen biderkadura baldintzatzen duelako. Beste kontu bat da, jelkideen oraingo barne hauteskundeetan ordena ez errespetatzea, berritze prozesua aurrekoz atzera eginda. Hortaz, zer garrantzitsua den prozesuak atzekoz aurrera bideratzea, gradualak izatea bai, bertsolaritzak betidanik irakatsi modura, potoa egin arren azkenean lortzen duzulako kolpea! Baina biribilgunean potoz poto ibiltzea ere, enpresa handien zergak barkatu nahian... non da kolpearen grazia?

Enpresa handiena esan berri dudala, susmagarri begitandu zait Lantzeko meazuloko buztinean orain milako bi grabatutako hori, Ikae! Garaiko multinazionala zelako susmoa daukat, meatokietarako tresnak egiten zituena, beste gauza askoren artean egin ere... Amen!