OCT. 28 2024 AMERICAN HORROR STORIES 4: HULUWEEN EVENT Akatsak, bertuteak baino nabarmenagoak Gaizka IZAGIRRE HERNANI Ryan Murphyk beldurrezko generoan ikono garaikide bilakatu den “American Horror Story” estreinatu zuen 2011. urtean. Bertatik “American Horror Stories” proposamena eratorri zen. Beldurra du helduleku, baina narratiboki desberdina da. Laugarren denboraldia iritsi da. Telesail nagusian ez bezala, atalak solte ikus daitezke, hau da, kapitulu bakoitzean jorratzen den istorioa hasi eta amaitu egiten da. Laugarren zati honen indarguneetako bat beldurrezko istorioekin esperimentatzeko duen askatasuna da: tonuak, eszenatokiak eta pertsonaiak aldatu egiten dira eta, horrek, “American Horror Story” serieak batzuetan izaten duen neke narratiboa saihesten du. Arte zuzendaritzari eta argazkilaritza lanari dagokienez, frankiziaren alderdi bisual bereizgarriari eusten dio. Agertokiak, efektu bereziak eta atmosferak oso ondo zainduta daude hemen ere, eta kontakizun bakoitzerako sortzen den giroa aztoragarria da; bikaina dela ere esango nuke. Aktore guztiek egiten duten lana ere txukuna da; ezin aitzakiarik jarri alor horietan guztietan. Akatsak, ordea, bertuteak baino nabarmenagoak dira. Hasteko, aspertzeraino errepikatzen diren efektu kolpeak eta joera narratibo errepikakorrak daude, eta istorioa asko higatzen da. Ikus-entzunezko honen nortasunaren parte bihurtu diren tresnak dira, baina oraingoan gehiegizkoak dira. Atal askeak ikustearen esperientzia eskertzen da, baina egitura horrek kalte egiten dio, sendotasun falta antzematen baita idazkera nagusian. Oso agerikoa da frankizia honetan erein zituzten hazi gehienak dagoeneko agortu egin direla; oinarria ez da batere emankorra. Gehiegi luzatzen ari diren sentsazioa aurreko denboraldietatik antzeman daitekeen zerbait da, baina estreinatu berri den honetan oso bistakoa da.