OCT. 28 2024 PILOTA Altunak esku-eskura ditu finalerdiak, Jaka aise menderatu ondoren Amezketarrak erakustaldi aparta eman du Ogeta pilotalekuan bere mailatik urrun geratu den lizartzarraren aurka, eta urrats handia egin du hurrengo fasera sailkatzeko. Artolak azken jardunaldian jokatu edo ez, asko aldatu daitezke ligaxkako aukerak. Jokin Altuna eta Erik jaka, atzo Ogetan jokatutako partidan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Asier AIESTARAN Jokin Altunak urrats handia egin du, Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietara bederatzigarren urtez jarraian sailkatzeko. Aurrelari amezketarrak aise menderatu zuen Erik Jaka Gasteizko Ogeta pilotalekuan eta, oraindik matematikoki ez bada ere, ederki bideratu du hurrengo fasea jokatzeko txartela. Ligaxkan eman litezkeen aukerak laburtzea ez da erraza, izan ere oraindik multzoko lau pilotariak aukerekin daude. Altunak nahikoa izango du Zubizarretari tanto gutxi batzuk egitea txartela ziurtatzeko. Ostiralean min hartu zuen Artolak azken jardunaldian ez jokatzea erabakiko balu, Jakak ere ia ziurtatuta izango luke sailkapena; Artola jokatzeko moduan bada, aukerak asko irekitzen dira partida horretako emaitzaren arabera. Gasteizko neurketak ez zuen historia handirik izan. Altuna goitik behera nagusitu zen, hasieratik abantaila handia hartuz. Eta horrelakoetan gertatu ohi dena gertatu zen: irabazleak dena oso ongi egin zuen eta galtzaileari dena gaizki atera zitzaion. Txapa gorri erori eta lehen saketik Altuna jaun eta jabe izan zen. Aurkaria ezker-eskuin ongi mugituz eta etengabe hanketara jokatuz, Jaka erabat deskonektatuta mantendu zuen amezketarrak. Tantoak bata bestearen atzetik erortzen hasi ziren bere alde. Gainera, lizartzarrak ez zuen batere asmatu, ez defentsa lanean, ez eta sakea eskuratu zuen uneetan ere. Defentsan oso bigun aritu zen, pilota ez bereziki zailak errazegi galduz. Eta sakea hartu zuenean ere ez zuen asmatu bere erremate azkar horiei etekina ateratzen. Lehen atsedenaldi luzean emaitza 12-3koa zen. Jakak bere jokoaren printza gutxi batzuk partidaren bigarren erdian utzi zituen, 17-8ra hurbildurik. Tarte horretan hiru erremate ikusgarri sinatu zituen, bi txokoan eta horma-biko bat, baina Altunaren erantzuna ere halakoxea izan zen: zabaletik zabalera jotako pilotakada luze batekin errotik moztu zuen aurkariaren erreakziorako ametsa. Bi tanto ikusgarrirekin amaiera ipini zion Altunak 43 minutu eskaseko demari, txapela janzteko bere hautagaitza argi erakutsiz. Hori bai, adierazpenetan ez zen ohiko apaltasunetik metro bat ere mugitu. «Oso pozik nago, bitik bi irabazita, bat 11n eta bestea 9an, baina hala ere ez nago sailkatuta», gogoratu zuen amezketarrak, zuhur. «Ongi aurkitu naiz, bizi. Sakatu ongi egin dut, lehen erdian hobeto, eta agintzea ere lortu dut une askotan», esan zuen. Jaka, aldiz, «haserre» agertu zen, «dezepzionatuta», bere maila eman ez zuelako. «Berak berea egin du, beti bezala, baina nik ez dut nire maila eman. Hausnartu beharra dago ea zergatik gertatu den».