OCT. 29 2024 Ba ote gara? Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Larunbatean Sormenean hezi, kulturan bizi III. jardunaldiak Azpeitian jardunaldi arras interesgarriak izan ziren, UEUren kultur sorkuntzaren transmisio taldearen eskutik. Aurtengo aztergaia euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak izan zen, eta horri abiapuntua emateko NOR ikerketa taldeak egindako azterketa aurkeztu zuten. Ikerketa hiru multzotan banatu dute: Kulturgileen disziplina, erabiltzen duten hizkuntza eta nortzuk agertzen diren. Intuizioa ikerketa zientifikoarekin erkatzeko lan garrantzitsua. Eskergarria, beraz, horrelako lan itzela hartzea, argitasuna ekartzen baitio euskarazko kulturgintzaren hedapenari; horrek, euskarazko sortzaileak eta ekoizpenak ezagutarazteko tresna aparta eskaintzen digu, bai sortzaileoi bai hedabideei. Hau horrela izanik, datuei begira, arreta eman zidan sortzaile anitzen artean ipuin kontalaririk ez agertzeak, hortaz, ezin jakin kontalariek eta prosazko ahozko sormenak zer presentzia duten hedabideetan. Agian, literatura barruan sartuko dira, askotan gertatu ohi denez, edo arte eszenikoetan; ordea, berezko izatearekin ageri ez, inexistentziara kondenatuak. Eta honek galdera existentzialera narama: ba ote gara euskal kulturgintzan kontalariok?, euskal kontalaritza ba ote da? Euskal kontalariok badugu egitekoa gure transmisioan.