OCT. 30 2024 Donibane Lohizuneko eta Hendaiako herri polizia armatua izanen da GARA HENDAIA Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak urriaren 21ean ohar baten bidez aditzera eman zuen armatuak izanen direla udaltzainak 2025eko urtarrilaren lehenetik goiti. Hori eginen da, haren ustez, «azken hilabeteetan jendetasunaren kontrako jokabideak areagotu» diren testuinguru bati begira. Argudio antzekoarekin, atzo Jean-Francois Irigoyen Donibane Lohizuneko auzapezak poliziaren armatzea iragarri zuen ohar baten bidez. «Aktualitateak erakutsi du, maleruski, udaltzainak segurtasun ezaren eta delinkuentziaren arriskupean direla. Errealitatea da eta ez da aurpegia estali behar», nabarmendu zuen Irigoyenek. Herri horretako 13 poliziak 2025. urtean zehar armatuko dituzte. Hendaia Biltzen oposizioko taldeak erabakiarekiko desadostasuna agertu zuen. «Armetara bideratutako dirua baliagarriagoa litzateke prebentziora, gatazken kudeaketara, zailtasunak dituzten pertsonen laguntzara eta hezkuntzara bideratzea», proposatu zuen.