Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Harriduratik begirada

Begirada guztiak batu ditu Iñigo Errejon politikariak azken astean, zenbat eta zenbat albiste, iritzi artikulu eta erreportaje ez ote dira argitaratu, batez ere estatu mailako hedabideetan. Sarean plazaratu diren testigantzetako batzuetatik sortutako kontakizunak hotzikara eragiten dute, eta galdera mordoa sortu erasotzailearen eta haren konplize izan diren horien inguruan. Baina gugan loratu diren zalantza horiek zein puntutaraino daude hedabideen diskurtso jakin batek bideratuta? Horiek dira benetan nahi eta behar ditugun begiradak? Eta, batez ere, zertarako balio digute?

Agian, gainerakoan ezerezean geldituko lirateke, azaletatik kanpo, baina nago xehetasunetara jota eta oihartzun handia hartuta kontatzen diren indarkeria eta abusu istorioek kontrako efektua ere izan dezaketela, barrenak astindu eta soilik sentimenduen planoan ulertu daitezkeelako. Amorrua eragin dezakete, noski, eta hori baliagarria izan daiteke hausnarketa egiteko eta eragiteko, baina komunikabide hainbatetan irakurritako pasarte asko harriduratik eta harridurarako kontatuak izan direla dirudi, eta horrek egunerokoan bizi dugun errealitatetik urrundu baino ez ditu egiten.

Harridura da mina eta botere harreman kaltegarri eta mingarriak identifikatzea oztopatzen duen zailtasun handi bat, besterendu egiten duelako erasoa eta gure harreman afektiboetan, lagun artean edota lankideen partetik jaso ditugun jarrera matxistak ezkutatu egiten dituelako. Honekin, noski, ez dut esan nahi kasuak ageriko egiten dituzten emakumeen jarrera balioan jartzen ez dudanik, kasu askotan, gerora jasotako kritika eta seinalamendu bortitzak ikusita, indar asko behar baita. Haien testigantzek jasotzen duten tratamendu mediatikoaz ari naiz gehiago, oinarrietan baino xehetasunetan sakontzen atzematen ditudalako hainbat, begirada ia toki berean pausatuta, azalean eta kasu zehatzean, urrunagoko irakurketatik egin gabe, ingurura edota gure baitara begira dezagun ia bultzatu gabe.