Kabiako euskarari buruzko epaiari helegitea jarriko dio Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea aurkeztuko du Kabiako lan eskaintza publikoa euskara eskakizunagatik baliogabetzen duen epaiaren aurka. «Ez dugu atzerapauso bat ere emango azken urteotako euskararen normalizazio prozesu honetan», adierazi du.
Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak bertan behera utzi zuen aurreko astean Kabiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde autonomoak, egoitzetako langileentzat 34 plaza betetzeko egindako deialdia. Aldundiak epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri zuen atzo.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak, Foru Gobernu Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan, Aldundiak horrelako epaien inguruan izan duen jarrera berretsi zuen.
Berasaluzek gogorarazi zuen Kabiako LEPari buruzkoa ez dela epai irmoa eta, beraz, foru erakundeak dagokion errekurtsoa aurkeztuko duela, uste baitu «herritarrek eskubidea dutela Aldundiak ematen dituen zerbitzuak nahi duten hizkuntzan jasotzeko».
«EGUNERO EUSKARAZ EGITEN DUGU GURE LANA»
Egunero beren lana euskaraz egiten dutela adierazi zuen erakundeko ordezkariak. «Ez dugu atzerapauso bat ere emango Aldundia azken urteotan egiten ari den euskararen normalizazio prozesu honetan», ohartarazi zuen.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin zuten astelehenean, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren azken kasua salatzeko. Erabaki «euskarafoboa» dela salatu eta, epaitegietatik ezartzen diren oztopoen gainetik, «neurri ausartak» eskatu zituzten bertan. «Bereziki larritzat» jo zuten epaia, «egoera zaurgarrian dauden herritarren eskubideak direlako kasu honetan urratuko direnak, Kabiako adineko eta menpekotasun egoeran dauden erabiltzaileenak», hain zuzen ere, «jakina baita norbere hizkuntzan zaindua izatea dela ongizate eta zaintza duin baterako oinarrizko baldintzetako bat».