GARA Euskal Herriko egunkaria
EZBEHARRAK

Osasunaren eta Realaren partidak, bertan behera

Gorritxoak atzo Chiclanan jokatu gabe geratu ziren DANArengatik, eta arrazoi berarengatik txuri-urdinek ezingo dute jokatu gaur Alacanten.

Itxura hau zuen Chiclanako zelaiak, urez beteta. (CA OSASUNA)

Gaur, Gau Beltza ospatzen den egunean, bukatu behar zen Kopako lehen kanporaketa, eta bertan hiru euskal taldek aritu behar zuten. Baina DANAk, gehienbat Valentzian, eragindako kalteak direla-eta, zenbait partida bertan behera geratu dira. Horien artean daude Chiclana-Osasuna, atzo jokatu beharrekoa, eta Realak, Alacanten, Jove Españolen aurka gaur jokatzekoa.

Osasunarena epaileak erabaki zuen, Chiclanako futbol zelaia urez beteta zegoela ikusirik. Beraz, partida hurrengo asteartean jokatuko dute 19.00etan.

Kasualitatez, gorritxoen artean Valentzian jaiotako jokalari batzuk daude. Adibidez, Vicente Moreno entrenatzailea Massanassakoa da, DANArengatik kolpe handienetarikoa jasan duen herria. Jokalarien artean, Ruben Garcia (Xativa), Lucas Torro (Cocentaina), Moi Gomez (Rojales) eta Nacho Vidal (El Campello) daude.

Ordu batzuk geroago, Realaren partida ere bertan behera geratuko dela ohartarazi zuten. Alacanteko Rico Perez zelaian jokatu behar zuen gaur talde txuri-urdinak, baina datozen orduetarako iragarrita dauden euriteek eta hildako kopuru handia dela-eta, atzeratzea erabaki zuten. Oraindik ez dute beste egun bat zehatu, Realak Europan jokatu behar baitu datorren astean.

AMOREBIETA ETA TUDELANO, BAI

Talde bizkaitarrak Barbastrori bisita egingo dio (19.00) eta, bere kasuan, «entrenatzaile berria, garaipen ziurtatua» esaldiarekin segitu nahiko dute aurrera Kopan, Julen Guerrero prestatzaileak ez baitu jarraituko.

Tudelanok etxean jokatuko du (20.00) eta ekintza ugari antolatu ditu neurketaren aurretik egiteko. Hala ere, emozioa zelaian egongo da. Irabazleak sari potoloa izango du hurrengo kanporaketan: Lehen Mailako talde baten aurka lehiatu ahal izatea.