GARA Euskal Herriko egunkaria

Portugaleteko Gaztetxeko 9 gazte epaituko dituzte

Azaroaren 5ean Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko bederatzi gazte epaituko dituzte. Okupazio mugimenduaren aurkako erasotzat hartuta, mobilizatzeko deia egin dute biharko.

Portugaleteko Sastraka Gaztetxea, Nuestra Señora del Carmen ikastetxe zaharrean. (SASTRAKA)

Portugaleteko gazteek Karmengo Ama ikastetxe abandonatua okupatu eta Sastraka gaztetxearen proiektua abian jarri zutenetik lau urtera, bederatzi gaztek epaiketa bati aurre egin behar diote orain. Azaroaren 5ean izango da Barakaldoko epaitegietan, eta Sastraka Gaztetxeak ostiralerako mobilizazioa deitu du.

2020ko udan okupatu zuten zenbait urtez abandonatuta egon zen eraikina. Handik hilabete batzuetara sutea izan zen ikastetxe zaharreko kaperan. Tentsio handiko hilabeteak izan ziren. Gazteek salatu zuten sutea nahita piztu zuela norbaitek, eta eurek ekin zieten eraikin historikoa babesteko lanei, profesionalen laguntzarekin, baina Udal Gobernuaren eta eraikinaren jabearen elkarlanik gabe.

Lau urte hauetan hainbat proiektu gauzatu dituzte, Portugaleteko herritarrei erabilera kolektiboko espazio bat eskainiz: baratzea, liburutegia, kontzertuak, otorduak, jarduera artistikoak eta aisialdiko dozenaka jarduera.

«Sastraka barnean eta inguruko lurretan, ehunka batzar, lan egun eta ahalegin kolektibo hartu dituen kontrakultura espazio bat sortu dugu. Jabetza kolektiboan sinesten dugu beraien jabetza pribatuaren aurrean, lurra zaindu eta lantzeko borondatea dugu, espekulazioaren grina asetzeko utzi beharrean. Urte hauetan, Sastrakako gazteok gogor lan egin dugu Portugaleten logika kapitalistatik kanpo alternatiba politiko eta kulturala eskaintzeko», aldarrikatu dute.

MUNDU IKUSKERA OSO BATEN AURKAKO ERASOA

Orain proiektua arriskuan dago. Azaroaren 5ean bederatzi gazte epaituko dituzte Barakaldon. Prozesu judizial hau okupazio mugimenduaren aurkako erasoen historia luze baten partetzat jo du Sastraka Gaztetxeak. «Euskal Herrian eta mundu osoan izan diren horrelako kasu askotan bezala, epaiketa honen helburua okupazio mugimendua kriminalizatzea eta zigortzea da», adierazi dute.

Horren aurrean, gaztetxeko kideek manifestaziora deitu dute, ostiral honetan, azaroak 1, 19.30ean Karlos VII.a metro irteeratik abiatuta, absoluzioa eskatzeko eta «Sastraka bizirik dagoela ozen aldarrikatzeko».

Epaiketa hau, Sastraka eta bederatzi gazteen aurkako erasoa izateaz gain, «mundu ikuskera oso baten eta borroka kolektibo baten aurkako erasoa», dela nabarmendu dute.

«Espazio hau galtzeko mehatxuari aurre egin behar diogu, baina inoiz baino konbentzituago gaude gaztetxeen eta espazio autogestionatuen beharraz, gero eta zapalduago dagoen gizarte honetan. Ziur gaude espazio hauek sortzen dituzten harremanak eta aukerak funtsezkoak direla sistema honen arrakaletan zuloak irekitzen jarraitzeko», adierazi du Sastraka Gaztetxeak herritarrei mobilizazioan parte hartzeko dei eginez.