Getxoko udaltzain berrien euskara eskakizunak murriztu dituzte
«Udaltzain guztiek euskara jakin behar dute» leloarekin, hizkuntza eskubideen aldeko mobilizazioetara deitu dute Getxon. Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk irakurketa bateratua plazaratu zuten atzo, eta elkarretaratzera deitu zuten, gaur 11.00etan Getxoko udaletxe aurrean. Gainera, datorren astelehenean herritarrek antolatutako bi mobilizazio egingo dira Algorta eta Erromo auzoetan.
Kontseiluak eta bi sindikatu abertzaleek «oso larritzat» jo dute Getxoko Udalak euskara eskakizuna udaltzain berrien erdiei soilik ezartzea erabaki izana. Adierazi dutenez, alde batetik, udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatzen dituela uste dute.
Era berean, bi udaltzainetik bakarrak euskara jakitea «nahikoa» dela azaltzen da Udalaren lan deialdian, baina Kontseiluaren ustez, «jasotako hizkuntza eskubideen urraketek agerian uzten dute ez dela horrela, bikoteko batek euskaraz ez jakiteak de facto inposatzen du gaztelania lan hizkuntza bakar modura».