GARA
GASTEIZ

Urte arteko inflazioa igoarazi dute erregaiek eta argindarrak

INE espainolak atzo iragarri zuenez, urte arteko inflazioak gora egin du urrian, lau hilabeteko atzeraldia izan ondoren, erregaiak eta argindarra garestitzearen ondorioz. %0,6 igo da kontsumo prezioen indizea urrian, eta urte arteko tasa, %1,8.

Erregaien prezioa berriz igo da urrian.
Erregaien prezioa berriz igo da urrian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kontsumo prezioen indizea (KPI) %0,6 igo da urrian, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta urte arteko tasa hiru hamarren igo da, %1,8raino, Estatistika Institutu espainolak (INE) atzo aurreratutako datuen arabera.

Erakundeak azaldu zuenez, erregaien garestitzeak eta, neurri txikiagoan, elektrizitatearen eta gasaren prezioen igoerak eragin dute KPIaren %1,8rainoko gorakada, 2023ko urrian izandako beherakadaren ondotik.

Urteko hamargarren hilabete honetan urte arteko KPIak gora egin duenez, inflazioak igotzeari ekin dio berriro, lau hilabetez jarraian atzera egin ondoren.

Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerio espainolak nabarmendu zuen, hala ere, inflazioa Europako Banku Zentralak (EBZ) ezarritako %2ko erreferentzia mailaren azpitik mantentzen dela.

INEk KPIaren datuen aurrerapenean azpiko inflazioaren estimazioa sartu du (landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak kontuan hartzen ez dituena). Hala, urrian hamarren bat egin du aurrera, %2,5ean kokatzeraino, tasa orokorra baino zazpi hamarren gehiago.

Hilabeteari dagokionez (urria, irailarekin alderatuta), KPIa %0,6 igo da aurreko hilabetearen aldean, 2024ko apiriletik izan duen hileko igoerarik handiena, orduan %0,7 igo zen eta.

Bestalde, INEk dioenez, KPI bateratua hamarren bat igo da urrian, %1,8raino, %0,4 hileko balioetan.

INEk datorren azaroaren 14an argitaratuko ditu urriko KPIren behin betiko datuak, baita lurraldeka banatutako datuak ere.

%2KO IGOERA BPGAN

Barne produktu gordinari (BPG) dagokionez, BBVAk eman zituen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2024ko hazkundea %2 ingurukoa izan da. Gorakada hori eurogunekoa (%0,7) baino ia hiru aldiz handiagoa da, baina Estatu espainol osokoa (%2,9) baino txikiagoa. Horren arrazoiak hauek izan daitezke: zerbitzuen esportazioek garrantzi gutxiago izatea, enplegu publikoak ekarpen txikiagoa egitea eta euroguneko hazkunde ahulak eragindako esportazioak eta industria.

BBVAk dioenez, hazkundea 2025ean bizkortu egin liteke, %2,8raino. Europako eskariaren susperraldia eta sargaien kostu txikiagoak dira egoera hori babestuko luketen faktore nagusiak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresak izango dira «eurogunean jarduera normalizatzearen onura gehien jasoko dutenak, balio erantsi handiko ondasunen ekoizpenean duten orientazio eta enfasiagatik». Horrela, per capita BPGak 4,8 puntutan gaindituko luke krisi aurreko maila.