Bilboko etxez etxeko laguntza pribatizatzea arbuiatu dute
LABek deituta, Bilboko etxez etxeko laguntza zerbitzuko (EELZ) langileek elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean. Politikek prekarizazioa areagotzeko balio dutela salatu zuten.
Bilboko etxez etxeko laguntza zerbitzuko (EELZ) langileek udaletxe aurrean protesta egin zuten atzo, LAB sindikatuak deituta. Gobernu taldeak duela bi aste iragarri zuen datozen lau urteetarako zerbitzuaren lizitazioa. «Baldintza teknikoen agiria, titularretatik harago, aurrekoaren kopia hutsa baino ez da», adierazi zuen sindikatuak ohar baten bidez.
Nabarmendu zutenez, «funtsezkoa eta oinarrizkoa» den zerbitzua «irabazi asmoko enpresa pribatuen esku egongo da berriro». Bestetik, zerbitzuak ez du «inolako hobekuntzarik izango, nahiz eta azken urteetan langile eta erabiltzaileek gogor kritikatu duten», salatu zuten.
«Udalak berak onartzen du etxez etxeko laguntza zerbitzua mendekotasuna duten pertsonen beharrei laguntzeko aurreikusitako zerbitzua dela: janaria egitea, higienearekin laguntzea, medikatzea, oheak egitea, komunak garbitzea eta 3.300 erabiltzaileri baino gehiagori konpainia eta maitasuna ematea helburu duena», azaldu zuten.
Hortaz, «funtsezko zerbitzua» dela gogorarazi zuten. «Zerbitzu honen gainean aplikatzen diren politikek haien okertzean eta prekarizazioan sakontzeko balio dute», gehitu dute. «LAB sindikatutik, joan den uztailean lizitazio berri honi buruz hitz egiteko egindako bileran, zintzotasunez adierazi genuen gero eta kezkagarriagoak direla zerbitzuaren denbora murrizketak», ekarri zuten gogora.
«Duela urte gutxi arte 2 orduko lan-denbora aurreikusten zen zerbitzuak modu egokian eman ahal izateko; denbora hau murriztuz joan da, eta gaur egun, arreta pertsonal gehiena ordubetean egin behar da, eta kasu batzuetan, 30 minutuan», ohartarazi zuten. «Inork uste al du posible dela norbaiten elikadura eta higiene beharrizanak asetzea, medikatzea, ohea egin eta komuna garbitzea, baita «laguntza eta maitasuna» ematea 30 minutu edo ordubete eskasean?», salatu zuten.
PRIBATIZAZIOA GELDITZEA
Bilera hartan eskatu zuen sindikatuak plegu berriek praktika hori geldiarazteko balio zezatela, eta gutxieneko 1,5 orduko zerbitzuak ezar zitezela. «Badakigu plegu berriek ez dutela neurri hori aurreikusten eta Sacyr (gaur egun Serveo) bezalako multinazional handiak, jarduera nagusitzat eraikuntza dutenak, negozioa egiten duten bitartean berdin zaienak adreiluak edo pixoihalak ipini, diru publikoarekin aberasten jarraitzeko balioko dutela. Gainera, badakigu EAJk eta PSOEk gobernatutako Udalaren adostasuna dutela horretarako; titular handien zaleak direnak bai, baina eredua aldatzeko inolako asmorik gabe».
Horregatik zaintza-zerbitzuen pribatizazioa geldiaraz dezatela aldarrikatu zuten atzoko mobilizazioarekin.
«Nahikoa da, ez egin negoziorik zaintzarekin», adierazi zuten irmoki. «LABetik plegu berriak gelditzeko eskatzen dugu, ez dietelako erantzuten zaintzaren beharrei eta 900 langileren lan- eta bizi-baldintzak prekarizatzen jarraitzen dutelako. Pleguak geldiaraztea eta zerbitzu hori publifikatzeko prozesua hastea eskatzen dugu», gaineratu zuten.