NOV. 02 2024 Interview JUNE GABARAIN ETA ANTONIO IRIARTE Skabidean taldeko musikariak «Ez dugu Skabidean utzi behar, disko hau ez da agur bat» Modu bitxian hasten da Skabidean talde nafarraren «Hau errepikaezina izan da» diskoa. Luzea da, 17 abesti dituelako, eta denetarik gordetzen du, gainera. Sorpresaren bat edo beste hartuko du entzuleak. Zuzenekoetan hasi dira dagoeneko eta gaur bertan Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dutena NAIZ Irratiak zuzenean emango du. (Irene MONREAL) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA Bira berria abiatzear da Skabidean talde nafarra. Ustekabean atera zuten, iraileko lehen egunarekin, ‘‘Hau errepikaezina izan da’’ diskoa eta hori aurkezten dabiltza orain. Instagrameko kontua hackeatu berri diete, baina berria ere zabaldu dute bizkor, bai baitakite sareek zer nolako garrantzia duten gaur egun. Disko luzeaz hizketan aritu gara haiekin “Musikharia” saioan. June Gabarain eta Antonio Iriarte, zer moduz? ANTONIO IRIARTE: Ongi. Pozik. «Hau errepikaezina izan da», bat-batean horrelako sarrera solemne bat; kasik hilkutxa bat ikustea bakarrik falta zaigu. Ez dator halakorik, ezta? A.I.: Ez, ez, ez. Ez dugu utzi behar. Galdetu digute Iruñe aldean ibili garenean; aurrerapena atera genuenean esan ziguten. Baina momentuz nik uste dut ez dugula utzi behar eta ez da agur bat. JUNE GABARAIN: Ez da martxa funebre bat. Hori da, hain zuzen ere, ‘‘Axuri beltza’’ kantuaren sarrera bat. Dantza hori Jaurrietakoa da eta dantzariak borobilean jartzen diren bitartean sarrerako kantuan entzuten den hori jotzen da; noski, gure kasuan Gaizka Otsoak moldatu duena. A.I.: Gero ez dakigu dantzatzen. Bueno, Imanolek baietz esango dizu. Unisonoan abesten duzue «Axuri beltza» kantua. Ez zen erraza izango, ezta? J.G.: Ez zen erraza izan, ez. Jarri genituen erdian hiru mikro eta norbaitek abesten bazuen ozenago eta abar nabaritu egiten zen; distantzia zehatzetan kokatu behar izan ginen. Hor gauzak fin egin behar dira. Segidan beste bertsio bat dator, Cock Sparrer taldearen abestitik abiatutako «Bueltan gara», hain zuzen. Zergatik hautatu dituzue kantu hauek? A.I.: Bertsioak beti egin ditugu, nahiz eta gaur egun abesti propioak sobera izan, bosgarren diskoa delako hau. Baina beti sartzen dugu bertsioren bat, asko gustatzen zaigulako bertsioak jotzea; adibidez, orain arte jo ditugu Potato eta Itoiz zuzenean. Guretzat erreferenteak dira eta guretzat sekulakoa litzateke haiekin jotzea, baina ezin denez, bertsioekin konformatu behar. Disko honetan ere eman digu, ez dakit, askatasun hori, eta lau bertsio sartu ditugu. Esaten genuen, «agian gehiegi izango dira» eta, gainera, orain zuzenekoa-eta planteatzen ari garela, sartuko dira bertsio gehiago, baina noski, egindakoarekin aurrera goaz. Nahasketa eta abarretan ibili zarete orain ere jolasean. A.I.: Kakik [Arkarazo] izan du hor lana. Konposatzeko prozesua oso luzea izan da eta denbora eman dugu bai musikarako, baita letrak idazteko ere, baina bai, gero diskoa grabatzeko, nahasteko, diseinua egiteko, bideoklipak… azkarregi izan da guztia. Hiru astean izan da dena, abuztuan grabaketak bukatu eta irailaren lehen egunerako kalean genuen eta. Kontua da ia eginda genuela, Martxel Arkarazo, Kakiren semea, etorri zela eta dena hankaz gora jarri zuela. Beste batzuetan hasieratik egoten da, baina oporretan zegoen eta itzuli zenean eskua sartu zion diskoari. Nik uste dut batzuetan ere positiboa dela grabatzen duzunetik nahasketak egiterako teknikariari tartea uztea, diskotik pixka bat urruntzeko, baina gure erruz Kakik ezin izan du horrela lan egin. J.G.: Hamabi egun hor segidan egon eta nahasketak eta guzti egitea… Konposatzean bezala, batzuetan abesti batek denbora behar du forma hartzeko, ahotsak gehitzeko, xehetasunetan sartzeko… Bada, nahasketarekin gauza bera, perspektiba pixka bat behar izaten da. A.I.: Eta nik uste dut gelditu dela oso naturala. Esan nahi dut, gure zuzeneko bat grabatzen duzu eta antzeko zerbait gertatzen da. ‘‘Maite zenuen hiria’’? Skabidean da. Ez erotu gehiegi, gu garen bezala aurkezten gara. «La muralla» kantuan Banda Bassotikoen kolaborazioa daukazue. Dena dela, abesti hau nik Ana Belenengandik ezagutzen nuen, jatorriz kantua Quilapayun talde txiletarrarena bada ere. J.G.: Nire gurasoek ere bai, eta esan nienean harriduraz hartu zuten. A.I.: Nik ezagutzen nuena zen Ana Belenena, baina nire gurasoek, bai, ezagutzen zuten Quilapayun taldea, nire gurasoak zaharragoak direlako. Niri Tasiok esan zidan eta orduan ezagutu nuen beste bertsioa, ze Ana Belenen bertsio bat egitea oso arraroa egiten zitzaidan. Hortaz, Txileko talde baten abestia zela jakitean beste kontu bat izan zen. Nolatan egin duzue Banda Bassotikoekin kolaborazioa? Kakik erraztu du bidea? A.I.: Martxoan egon ginen Nafarroa Oinezen aurtengo abestia grabatzen eta orduan eraman genizkion eginda genituen zortzi abestiren maketa. ‘‘La Muralla’’ entzun eta Sandokani bidali zion esanez kolaboratu behar zuela gurekin. ‘‘Nicaragua Nicaragüita’’, ‘‘Guantanamera’’ eta halakoak abestu izan ditu eta hortik etorri da guztia. Falta dena Skabidean eta Banda Bassoti oholtzan elkarrekin ikustea da. A.I.: Horretan ere saiatu gara, kar-kar. Italia konplikatua da! Oxala gertatzea. «Mitxoleten mende», June abesten hasten den kantua, maitasun kantu ilun gisa bataiatu dut. Olatz Azpirozenak dira, ordea, hitzak. A.I.: Izan daiteke, baina kantu hau sortzen da nire osabak nire amari urtebetze egunez emandako gutun batetik. Nire osaba kartzelan zegoen orduan eta gaur egun ere hala segitzen du, beste egoera batengatik bada ere. Oso laburra da, hamar-hamabi esaldi ditu. Gutuna 1996koa da eta berak 25 edo 26 urte izango zituen eta hitz kopuru gutxian esaten duen guztia sekulakoa da. Eskutitza eraman nuen entseatzen dugun salara eta esan nien istorio bat bazela kontatzeko modukoa. Olatz Azpirozek moldatu zuen eskutitza, Iturraman gurekin ikasi zuen eta olerkiak idazten zituela banekien. Junek musikatu zuen gero eta hortik sortzen da kantua. Ez dakit maitasun kantua den edo maitasuna bilatzen duen kantua den. Zuk, June, letra esku artean zenuela konposatu zenuen kantua? J.G.: Bai. Hori da. Azkenean beste pertsona baten letra da eta ulertzea eskutitz horretan dagoen bizipena eta atzetik datorren letra… Olatzek oso hitz polit eta ederrak erabiltzen ditu, ulertzea ere ez dena erraza, baina hori guztia lortu nahi genuen. Zu pozik, Antonio? A.I.: Oso ilun geratu da eta beldurra izaten duzu hor bidean galtzekoa, baina bueno, batzuetan arrazoia gailentzen zaio abestiari eta besteetan alderantziz izaten da. Oso polita geratu da eta Olatzek egin duena eskertzekoa da. Aurkezpen bira hasita duzue aspaldi. Errepikaezina izango da bira hau? A.I.: Asteburu honetan bertan [gaur, azaroak 2, NAIZ Irratian zuzenean entzungai] Bilboko Kafe Antzokian izango gara eta Totem Aretoan, Atarrabian, azaroaren 30ean eskainiko dugu kontzertua. Eta Oviedo, Santander, Portuko Ranpi, Donostia, Gasteizko Jimmy Jazz eta Madrilgo Gruta 77n ere arituko gara. Berezia behintzat izango dela uste dugu eta biniloak ere izango ditugu ordurako. Bada, elkarrizketa hau ere errepikaezina izan da. Beraz, disfrutatu bideaz. Mila esker! NAHASKETAK «Konposatzean bezala, batzuetan abesti batek denbora behar du forma hartzeko. Bada, nahasketarekin gauza bera, perspektiba pixka bat behar izaten da» «LA MURALLA» «Nik ezagutzen nuena Ana Belenena zen, baina nire gurasoek, bai, ezagutzen zuten Quilapayun taldea, zaharragoak direlako. Niri Tasiok esan zidan eta orduan ezagutu nuen beste bertsioa, ze Ana Belenen bertsio bat egitea oso arraroa egiten zitzaidan»