NOV. 02 2024 PILOTA Jon Ander Peñak ez zuen kaiolatik bere maila erakutsi gabe alde egin nahi izan Sailkapenaren estutasunik gabe, tolosarrak partida borobila jokatu zuen bere ohiko lehiakortasuna topatu ezinik aritu zen Peioren aurka eta garaipen batekin esan dio agur Lau eta Erdikoari. Ultzamarrak gaurko irabazlea izango du aurkari finalerdian. Jon Ander Peña erasoan eraginkorrago aritu da Arrasaten. (Gorka RUBIO | FOKU) Jon ORMAZABAL Lehendik ere erakutsia zuen Jon Ander Peñak kaiolan edonori irabazteko moduko pilotaria dela eta, sailkapenaren presio hori gabe, uste hori berretsi zuen, batez ere bere buruari, Peio Etxeberriari Arrasaten nagusitasunez irabazita. Egia da jokoan ezer gutxi egoteak asko baldintzatu zuela partida, egungo txapeldunordeak ziur aski hurrengo asteko finalerdia izango zuela buruan eta prestaketak ere hara begira eginak izango zituela, baina Zenotzekoari kaiolan irabazteko asko jokatu beharra dago eta tolosarrak hala egin zuen. Horrexegatik, atzoko garaipenarekin pozik baina bere buruarekin haserre amaitu zuen Jon Ander Peñak, finalerdietarako txartelak aurreko bi partidetan -batez ere, tanto bakarragatik Bilbon Elordiren aurka galdutakoan- ihes egin ziola jakitun. Partida hasterako, bi pilotariek argi zuten ohorea zela biek jokoan zutena, baina horrek ez zituen ahaleginak aurreztera eraman. Sakea lagun, Aspekoa hasi zen markagailuan aurretik (0-3 eta 3-5), baina partidaren gehienean Jon Ander Peña izan zen jokoan eta markagailuan aginte-makila hartu duena. Garaipen beharraren presiorik gabe, libre aritu zen Baikoko tolosarra, boleaz eta gantxoz Peio asko nahastuz eta defentsan aritu behar izan zuenetan ere oin oso bizkorrekin eta zabaletik eraman beharreko pilotetan azkenaldian hobekuntza nabarmena egin duela berretsiz. AMORERIK EMAN GABE Egin ohi duen bezala, pilotari abiadura emanez eta tantoei erritmoa sartuz saiatu zen Peio Etxeberria tolosarraren joko anarkikoari aurre egiten, baina airez tantoak amaitzerakoan ez zuen aparteko eraginkortasunik erakutsi eta, tarte batean markagailua estutzea lortu bazuen ere -14-7tik bi tantora, 14-12 ekarri zuen partida-, egun handietako hagin zorrotzik gabe, ezin izan zion bere azken aukera baliatu nahi izan zuen Jon Ander Peñari aurre egin. Txapelketa hasierako espektatibak bete ez dituen arren, tolosarra oso aurkari arriskutsua da kaiolan. Elordiren sakeak auzitan jarriko du Lasoren Labriteko gotorlekua Goi mailako partida gehiago bermatzeko ezarritako ligaxkak hil ala biziko partida bakarra utzi digu final-laurdenetan, gaur Labriten Unai Lasok eta Aitor Elordik jokatuko dutena. Kanporaketa zuzen bat bezalakoa izango da Bizkarreta-Gerendiaingoak eta mallabitarrak jokatuko dutena; galtzen duena kaleratua izango da eta irabazleak finalerdiak jokatuko ditu, gauzak normal, Jokin Altunaren aurka. Sakeak garrantzi berezia hartu du aurtengo kaiolakoan eta jokaldi honetan bikain moldatzen diren bi pilotari izango dira aurrez aurre. Bizkaitarra izango da, ziur asko, modalitate honetan sakerik onena duen aurrelaria; oldarkor eta behetik ezkerpareta bilatuta, bera izan da orain arte tanto zuzenik gehien lortu duen pilotaria eta sake-errematean ere oso da arriskutsua. Arriskatu egingo du eta, lehen pilotakadarekin asmatzen badu, edonori susto bat emateko gai da. Unai Lasok, bestetik, sakeari garrantzi berezia eman dio bere azken lesiotik hona. Mimo bereziz prestatzen du jokaldi hau pilota jokoan jartzea egokitzen zaion bakoitzean eta denborarekin espezialista handia bilakatu da, tarteka aurkariak ezustean ere harrapatuz zabalera aterata. Pilotari oldarkorra den arren, gaurkoan ematen du tantoak luzatzea bere aldekoa izan daitekeela, batez ere piloteoan erritmoa ezartzeko gai bada. Gainera, zaleen babesa izango du Labriteko bere gotorlekuan. Bertan jokatu ditu orain arteko kaiolako hiru partidak. J.O. B SERIEAPartida 18-15 irabazten ari zela, Asier Agirreren arazo muskularrek partida bertan behera utzarazi zuten eta Ander Muruak eraman zuen puntua. Halere, Expositok ez du Larrazabalen aurka jokatuko eta arrasatearrak ez du aurrera egingo, iruindarrak txapelketan jarraitzerik badu behintzat. ERREMONTEABinakakoko lehen jardunaldian galdu zuten Ansa II.a-Juaneneak eta Urriza-Larrañagak elkarren aurka jokatuko dute gaur Galarretan.