EDITORIALA

Menpekoentzako egoitzak, jendartearen lehentasuna

Covid-19aren pandemia denon gogoan dago oraindik, baina denboraren distantziak eskuarki arindu egiten du bere garaian sentitutako larritasuna. Eskuarki, baina ez kasu guztietan, edo arlo guztietan. Zaintzaren arloan, esate baterako, ikasteko aukera gisa ere sumatu zen pandemia, eta mendekotasuna duten pertsonentzako egoitzen erabiltzaileek eta horien familiek badute zer ikasi ote den galdetzeko motiborik. Baita neurri batean pandemia garaiko larritasuna sentitzeko ere, jendarte osoaren kezka izan beharko lukeena. Gaur GARAk argitaratu duen erreportajeko datuak, tartean egoitzetako erabiltzaileen elkarteek emandako informazioa, ez dira bigarren mailako arazo batenak.

Menpekotasuna duten 20.000 pertsona ingururentzako lekuak daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitzetan, eta horien %9k baino ez dute kudeaketa publikoa. Gainerakoak, titulartasun publikoa izanda ere, entitate pribatuek kudeatzen dituzte, kasu gehienetan irabazi-asmoa duten enpresek. Senide bat egoitza batera eramatea erabaki zaila izaten da, eta eramaten duenak baldintzarik onenak nahi ditu harentzat, baina ez ohi daki bere senideak daukan menpekotasunari nongo zerbitzua egokitzen zaion ondoenik; beraz, aholkatu dezaten behar du. Senidea utziko duen egoeraren gaineko zalantzarik badu, askoz gogorragoa gertatuko zaio, baina bere senidea esku onetan dagoela jakiteak eramangarriagoa egingo dio hartu duen erabakia. Eta gaur egun esku onetan egotea egoitzaren kudeaketa motaren araberakoa da. Esate baterako, langile ratioa erabiltzaileko, edo langileen prestaketa, baita soldata eta lan baldintza duinak ere, zerbitzu duin bat eman dezaten, «kostuak» -hain maiz langileen bizkar- merkatuz ezinezkoa baita zerbitzu egokia eskaintzea.

Baliabide gehiago behar dira, jakina, eta horiek gehitzeko prest ez dagoenak bere lehentasunen berri ematen du. Izan ere, adinekoen eta oro har menpekotasuna dutenen zaintzak, zaintzak oro har, behar duen inbertsioa jendartearen lehentasuna da. Inbertsio horrek, gainera, izan lezakeen etekinik handiena izango du, zerbitzu hobe bat, jendarte horren ehuneko esanguratsu batek egunen batean jasoko duena.