GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Errealismo irreala


Gau beltza, arimen gaua kaleetan… eta egunez aurrekontuen ezbaia bestelako ganberetan. Dena sasoi bertsuan. Urtez urte, aurrekontuen kostera. “Txingili, txangili, txango, gau beltza beltzago, kalabazak argituko, jana eman arte ez gara joango”, halaxe ibili dira herriren bateko kaleetan eskale gau horretan, atez ate. “Saria edo ziria” dabiltza beste batzuk gehiengoa ez duten ganberetan, atze-kontuak aurrera atera nahian. Hori bai, gobernuz kanpoko oposizioari “errealismoa” eskatzen.

Egiari zor, errealitatea ez da beti benetakoa! Horregatik dira gatazkak han-hemen, lurralde batean benetan gertatzen dena kausetan eta ondorioetan ulertzeko begiradak ezberdinak direlako; begiratokiak ere diferenteak. Zer da erreala? Zenbakiek errealitatea zenbatu dezakete, baldin eta behar besteko zuzen eta serioak badira, ez sukaldeko inkestetakoak, ez burtsako indizetakoak... horiek ez dute benetako errealitatea erakusten, sortu nahi dutena baino.

Argazkiek ere errealitatea erakusten dute, baldin eta trukatuta ez badaude; izan lokatzak eragindako hildakoena, izan etengabeko bonbardaketek utzitako gorpuena, izan kostara heltzen diren migrante hilotzena, izan… Baina ondorioen errealitate gordinetik harago ba ote kausen gaineko errealitate konpartitua? Ez, horrexegatik daude gatazkak, horrexegatik borroka ideologikoak, kulturalak… halabeharrez!

Mesedez, ez diezadatela eskatu errealista izatea, are gutxiago euren errealismo ofizial bakarretik! Errealismoa askotan irreala da; errealitate asko eta askotarikoak dira, benetakoa batzuetan, eta alegiazkoa besteetan. Izan gaitezen errealista behingoz! Eska dezagun benetan gertatzen diren gauza asko errotik aldatzea, eta izan gaitezen protagonista errealak! Hortaz, ortuan aurten ia ez dut kalabazarik izan; hori bai erreala!